Datorren astean ospatuko diren herriko festen berri jasotzeko egun gutxi geratzen da jada. Usurbilgo Udalak egunotan banatuko du Santixabeletako egitaraua. Jai Batzordeak deituriko lehiaketaren bidez, Intza Salsamendi herritarrak diseinaturikoa izango da aurtengo programa. Gogoan izan, ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira aurtengo festak. Halere, ekainaren 27rako deituak daude lehen hitzorduak. Besteak beste, paleta goma txapelketetako finalak burutuko dira frontoian.
Zapia jantzita, jaietara
Aurtengoan, Jai Batzordeak herritarrei zapia jantzita Santixabeletan murgiltzeko gonbita luzatzen die. Hainbat ospakizunetarako erabiltzen den, betiko koadrodun zapi urdina. Gehienok etxean izango duzuen hori berrerabiltzea bultzatu nahi dute. Edozein kasutan, zapirik ez duenak, jakin dezala, datorren astean zehar txosna gunean salgai egongo direla 2 euroren truke. Datozen jaiak beraz, apain-apain ezin hobeto pasatzeko aukera egongo da.