Hilabete honetarako lau erakusketa antolatu dira Sutegiko aretoan. Joan den astean, Usurbil FT-koen historia biltzen zuena. Astelehenaz geroztik gaur arte, Hasierako Lanbide Prestakuntza Programetako ikasleek urtean zehar eginikoa erakutsi dute irudi eta erakustaldi bidez. Bertaratzen zirenek, sukaldaritza ikasketak burutzen ari diren ikasleen pintxoak dastatzeko aukera izan dute. Ile apaintzaile ikasketak burutzen ari direnek ere erakustaldiak egin dituzte. Asteazken goiz honetakoa zen, erakusketa bisitatzeko azken eguna.
Modu honetan agurtuko dute, 2011-2012 ikasturtea. Gogoan izan, oraindik Hasierako Lanbide Prestakuntza Programetan matrikulatzeko epeak irekita jarraituko duela, uztailaren 13ra arte. Datorren 2012-2013 ikasturtean zehar, sukaldari-zerbitzari langile edo ile-apainketa laguntzaile gisa jarduteko ikasketak eskainiko dituzte bertan. Hasierako Lanbide Prestakuntza Programako eskola Atallun kokatua dago, Zanpiura kalea, 3. zenbakian. Informazio gehiago jaso nahi duenak, 943 360 465 telefono zenbakira deitu dezake, edo bestela, lhi.usurbil@gmail.com helbidera email bat bidali.
Bi erakusketa gehiago
Hasierako Lanbide Preskakuntza Programetako ikasleen lan erakusketa itxita, bihar, osteguna, Artzabalgo pintura ikastarokoen txanda izango da. Euren lanak ikusgai izango dira hilaren 25era arte. Ekainaren 26tik uztailaren 3ra azkenik, Zirriborro Tailerreko partaideen eskulan eta margolan erakusketa ikusteko aukera egongo da.