Gaurko hedabideetan albiste nagusi dugu, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatzeko hartu duen erabakia. Beste behin, Auzitegi Gorenaren epaia atzera bota eta modu honetan, espainiar gobernuak duela hamar urte onarturiko Alderdien Legeak eraginez Ezker Abertzaleak pairatutako ilegalizazio egoera aldatu du.
Aznar agintean zela, PSOE-PP alderdiek Madrilen adosturiko Alderdi Politikoen Legeak eta urteotako ilegalizazioek bere isla izan dute Usurbilen ere. Aldizkari honetako hemerotekara jotzen badugu, memoria pixka bat eginez, 2003ko maiatzaren 25ean ospatu ziren udal hauteskundeetara Usurbilgo Herri Lan bllgunea aurkeztu zela gogoratuko gara, baina Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zuen. Beste hainbeste gertatu zen AuB-rekin ere. Orduko hartan, Arantxa Manterola herritarra alkatetzarako hautagai zuen UHL-k irabazi zituen hauteskundeak, baina bere alde 1.200 herritarrek hautesontzietan sartutako bozkak baliogabetzat jo eta honenbestez, usurbildarren gehiengoa ordezkaritzarik gabe geratu zen udaletxean. Luis Mari Ormaetxea zerrendaburu zuen EA-k hartu zuen, 16 urtez alkatetzan lanean jardundako Joxe Antonio Altunaren eta Herri Batasunaren lekukoa.
2007ko udal hauteskundeak burutu arte, EA, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP alderdiek osaturiko udalbatza aritu zen udalgintzan. Ezker Abertzaleak aurkezturiko zerrenda bozkatuena izan arren, udalerriko erakundetik kanpo geratu zen, eta honenbestez, legegintzaldi oso bat usurbildarren gehiengoa udal ordezkaritzarik gabe egon zen. Lau urte beranduago, 2007ko maiatzaren 27an burutu ziren hauteskundeei begirako egoera aldatu zen. Orduko hartan, Usurbilen EAE-ANV alderdiaren izenean zerrenda aurkeztu zuen Ezker Abertzaleak. Udalerri batzuetan zerrendak onartu zituzten, beste batzuetan ez zuten aurkezterik izan, ezta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako ere. Usurbilen, aipatu moduan bai, eta hauteskundeak gainera ia gehiengo osoz irabazi zituen Ezker Abertzaleak. Xabier Mikel Errekondo eta beste bost zinegotzik eserlekua lortu zuten udalbatzan. 2003-2007 legegintzaldian gobernu taldea osatu zuen EA, oposiziora pasa zen eta lehen aldiz, udal hauteskundeetara aurkeztuta Aralarrek bi ordezkari lortu zituen. Legegintzaldian zehar, EA barruan izandako zatiketatik Hamaikabat sortu zen, eta alderdi honetara igaro ziren, une horretan EA-k udalbatzan zituen hiru udal ordezkariak. Alkarbide izena jarri zioten udal taldeari.
Berriz aurkezteko eskubiderik ez
Udalbatza osatuta eta legegintzaldia martxan zela ailegatu ziren debeku berriak. EAE-ANV legez kanpo utzi zuten, eta 2011ko udal hauteskundeetara ezin izan zuten berriz aurkeztu ordura arte Ezker Abertzalearen izenean lanean jardun zuten alkate eta zinegotziek.
Iaztik, Ezker Abertzaleak, EA-k eta Alternatibak osaturiko Bildu koalizioa dago Usurbilgo Udaleko gobernu taldean, baita Gipuzkoako Foru Aldundikoan ere. Hasiera batean, hauteskundeon aurretik Auzitegi Gorenak atzera bota zuen koalizioak aurkezteko izan beharko lukeen aukera, baina azken unean, hauteskunde kanpaina ofizialki hasi berria zenean, Auzitegi Konstituzionala Gorenaren erabakiaren aurka agertu zen. Bilduk gehiengo osoz irabazi zuen Usurbilen maiatzaren 22an ospatu ziren hauteskundeetan. Herrialdeko Batzar Nagusietan ere lehen indarra izan zen. Hilabete batzuk lehenago, Ezker Abertzaleak Sortu alderdia aurkeztu zuen jendaurrean. Espainiako Auzitegi Gorenak ordea, alderdi politikoen erregistroan ez inskribatzea erabaki zuen. 2011ko martxoaren 3an izan zen hori. Urtebete eta lau hilabete beranduago, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legeztatu egin du Sortu.
Oso modu laburrean, itzal luzea izan du Usurbilen ere maiatzaren 14an hamar urte bete zituen PP-PSOE alderdiek Madrilen adosturiko Alderdi Politikoen Legeak. Batasunaren ilegalizaziotik hasita, unean uneko hauteskundeetarako zerrendak baliogabetu dira, hainbat atxiloketa izan dira, hainbat herritarren borondatea errespetatu gabe egon da... Ez bakarrik udal eta foru hauteskundeetan, baita Gasteiz edota Madrileko hauteskundeetan ere.