Udalerria alderik alde zeharkatzen duen N-634 errepideko segurtasun neurriak hobetzeko inplikazioa eskatu dio Usurbilgo PSE-EE alderdiak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Prentsa ohar bidez zehaztu dutenez, honako lekuotan proposatzen dituzte hobekuntzak; Aginagan, Txokoalden, Txikierdiko geltoki inguruan eta Ugaldea industria gunerako sarreran. Txikierdiko geltokirako, semaforoak, argiteria eta ikusgarritasuna hobetzea eskatzen dute. Batzar Nagusietako PSE-EE taldeak mugikortasun diputatu Larraitz Ugarteri gai honen inguruan galdetu diotela berri eman dute. Ugartek hobekuntza proiektuak egin behar direla erantzun dietela jakinarazi dute. PSE-EEren arabera, 2012ko aurrekontuetan geltokiak hobetzeko partida ere badela dio Ugartek, baina hobetu beharrekoak geltoki asko izanik, Aldundiak Txikerdikoak berritzeko datarik ez du jarri. Horregatik, Aldundiari presioa egiten laguntzea eskatzen dio udal talde sozialistako bozeramaile Ricardo Crespok Usurbilgo Udalari. “Nork babesten ditu oinezkoak?” galdetzen du Crespok. Bide segurtasunaren aurrean, Aldundiak dirua lehenesten duela dio zinegotzi sozialistak.