Indarkeria Sexistarik Gabeko Txokoa jarriko dute jaiotan

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 25a, 00:00

Dema plaza ingurutik Askatasuna plazara doan etxe azpiko pasabidean, “Indarkeria Sexitarik gabeko txokoa” kokatuko dute ostiral arratsaldean, 18:00-21:00 artean. Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Zerbitzutik berri eman dutenez, bertan, besteak beste, hainbat informazio eta material eskuragarri jarriko dute: autodefentsa feministaren inguruko informazioa, erasoak identifikatu eta hauei aurre egiteko informazioa, galdetegiak, pegatinak, kamisetak, poltsak… Gainera, herriko indarkeria sexistaren aurkako horma eraikiko da bertan. “Denok dugu zer esan eta zer egina indarkeria sexistaren aurrean eta jaietan zehar txokora bertaratzen direnen artean lema, ikur eta abarrekin osatutako harresi mural bat sortzea izango da helburua”, adierazi dute Parekidetasun Zerbitzutik.

Txapak sortzeko ere aukera egongo da. “Eraikita dugun iruditegia zalantzan jarriz, irudi desberdinak sortzeko aukera ematen du. Mugimendu feministaren historian esanguratsuak izan eta diren irudiak ezagutuz, solasaldirako tartea zabaltzen da eta irudi berriak sortzeko aukera ere ematen du”, zehaztu dute Parekidetasun Zerbitzutik. Hau guztia, ostiral arratsalde honetan, ekainaren 29an.