Duela denbora batetik zeuden zurrumurruak egunotan Udalak banatu duen egitarauak baieztatu ditu; Santixabeletan, jai asteburuari ekiteko ospatu ohi den kontzertu gauerako Zea Mays taldea gonbidatu du Jai Batzordeak. Aiora Renteria eta taldekideak 23:30etatik aurrera hasiko den emanaldian izango ditugu frontoiko oholtza gainean. Aurretik, herriko musika talde baten emanaldia iragarri da. Iheskide (lehen Ihesbide) Elorriko taldea ere Usurbilen izango da ostiral gauean. Bizkaitarrek aurtengo martxoan kaleratu dute lan berriena, “…irabazi arte!” izenekoa, Usurbilgo Hi-Gain estudioetan Haritz Harreguyren laguntzaz grabatu dutena. Punk rock estiloko11 kantu biltzen ditu 2004an sortu zen taldeko laugarren diskoak.
Adabegi, musika eta dantza ikuskizuna
Larunbat gauez erromeria giroko talde mitiko bat izango dugu gure artean, goizaldeko ordu txikiak arteko ibilbidea egiten laguntzen; Laiotz. Santixabel bezperan, igande afalosterako, zuzeneko emanaldi ikusgarri bat lotu du Jai Batzordeak; Zestoatik Adabegi taldekoak datoz. Txalaparta, perkusio, baxu, dj eta bateriaren erritmora bi dantzari ere izango dira frontoiko oholtza gainean. Flamenko eta afrikar kutsuko dantzekin datoz Usurbila. Eta jaietako azken gauerako, uztailaren 2rako beraz, 2010eko esperientzia errepikatuz, Kubako musika; Morena´s Son taldearen emanaldia. Hitzordu guztion zehaztasun gehiago, web orrialde honetako Agenda atalean.