Kirol txapelketa desberdinen finalak etzi, Santixabelak girotzen hasteko

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 25a, 00:00

Ate joka ditugu Santixabelak, ostegunetik astelehenera, ekainaren 28tik uztailaren 2a Usurbil festetan murgilduko zaigu. Egunotan, itxuraldatzen joango da Kaxkoa. Txosnak Askatasuna plazan kokatzen hasiko dira, oholtza bana ere jarriko dute bertan, eta frontoian. Ekitaldi gehienak aipaturiko bost egun horietan ospatuko diren arren, etzi, hilaren 27an burutuko dira lehen ekitaldiak. Etzi ezagutuko dira maiatzaz geroztik jokoan izan diren emakumeen eta gizonen pala lehiako txapeldunak nortzuk diren.

Asteazken arratsaldeko 17:30etatik aurrera frontoian jokatuko diren final saioetan izango da. Gainera, hitzordu berean, ezinduen pala saioa ere tartekatuko da. Etzi baita, baina gaueko 22:00etatik aurrera, ITAYA Gazte Asanbladak antolatu duen futbol txapelketako finala ere ospatuko da, pilotalekuan bertan.