Hitzordu gastronomiko ugari aurten, txosnetan

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 26a, 00:00

Gaueko jai giroan indar berrituta murgiltzeko, aldez aurretik komenigarria da sabela behar bezela betetzea. Jaiotan hitzordu desberdinak finkatu dira txosnetan, otorduak ere jai giroan egiteko. ITAYA Gazte Asanbladak, hasteko, ostegunerako paella jana antolatu du 21:00etatik aurrera Askatasuna plazan. Hori bai, antolakuntzatik ohartarazi dutenez, paella jan nahi duenak norberak txosnetan bertan prestatu beharko du. Horretarako, oinarrizko azpiegitura ITAYA-koek jarriko dute; sua edota arroza. Zartagina norberak eramatea eskatzen dute, baita paellari bota nahi zaizkion gainerako osagaiak ere. Afaria prestatuta, otordua Askatasuna bertan dastatu ahal izango da, etzi.

Gazte asanbladako kideek, antzeko zerbait planteatu dute baita igande arratsalderako ere. Patata tortilla txapelketa ospatuko da, 19:30etatik aurrera leku berean. Parte hartzen dutenek, egindakoa dastatzeko aukera izango dute, txosnetan bertan, 21:30etatik aurrera. Bi ekimenotan parte hartzeko asmoa dutenek, izen emateko ekitaldia hasi baino lehen txosnetara gerturatzea aski izango dute.

Kantu-zikiro-jana
Aurtengo egitarauan, azken urteotan bezala, oraingoan ere hutsik egingo ez duten beste bi hitzordu; batetik,  herri afaria. Ostiral gauean ospatuko da, 21:00etatik aurrera. Eta biharamunean, larunbat eguerdian, kantu-zikiro-jana, 14:30etatik aurrera txosnetan baita. Hitzorduotarako sarrerak salgai daude jada, ohiko lekuetan.