Lehen ekitaldiak aldez aurretik ospatuko diren arren, ostegun arratsaldeko 20:00etan emango zaie hasiera ofiziala 2012ko Santixabelei. Urtero, txupinazo ekitaldian herriko elkarte, talde edo eragileren batek parte hartzen du eta bilguneotako ordezkariak izan ohi dira, herriko jaiei hasiera emateaz arduratzen direnak. Jai Batzordeak proposatzen du txupinazo ekitaldian nortzuk parte hartu, eta aurtengoan ezin ukatu, benetan berezia izango denik; adimen urritasuna duten herritarrak eta euren senideak biltzen dituen Atzegi elkartea izango da aurtengo txupinazo ekitaldiko protagonista.
Hobeto esanda, herrian ezagunak ditugun zenbait lagun igoko dira frontoi edo Dema plaza inguruan jarria egongo den oholtza gainera, Santixabelak primeran pasatzeko desiatzera. Atzegi elkarteak mende erdia, 50 urte bete berri dituenean, festa hauetako hasiera ekitaldian izango dira adimen urritasuna duten herriko hainbat aurpegi ezagun. Bai senideek, baina batez ere, etzi protagonismo osoa izango duten herritarrok txupinazo ekitaldian parte hartu ahal izateko gonbita, oso pozik jaso eta onartu dute. Hitzordua, aipatu moduan, ostegun arratsaldeko 20:00etan frontoi edo Dema plaza inguruan.