Hirigintza, zerbitzu eta ingurumen departamenduen elkarlanez, igerileku pribatuen instalazioa arautzen duen udal ordenantza aurkeztu eta onartu zen atzoko osoko bilkuran. Bildurekin batera, Aralar eta EAJ-PNV-k babestu zuen proposamena. Hamaikabat abstenitu zen. Erabakiari hasierako onarpena eman zaio, eta orain, erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta hedabideetan argitaratuta, alegazioak aurkezteko 30 lan eguneko epea egongo da. Ordenantza proposamen hau mahai gaineratzeko asmoa, Udalak gai honi lotuta jasotzen ari den eskaeren harira dator. "Erabilera pribatuko igerilekuak ugaritu izanak eragin zuzena du udalerriko ur-kontsumoan eta horrek, aldi berean, hura arautu beharra eragin du hirigintzako arrazoiak zein Usurbilgo baliabide hidrikoei lotutako ingurumen-arrazoiak direla eta", adierazten du udal teknikariek osaturiko txostenak.
Halaber, ordenantza honen helburua zein den zehazten dute: "igerilekuen instalazioaren kontrol teknikoa eta hirigintzakoa egitea eta ura modu arduratsuan erabiltzea da. Era berean, igerilekuen mantentze-lanekin, funtzionamenduarekin eta erabilerarekin lotutako erantzukizunak zehaztu nahi dira. Horrekin lotuta, segurtasun-baldintzak erabiltzea eta etxebizitzetakoekiko eta instalazio osagarriekiko ezberdinak diren ur-hartuneak instalatzea eskatuko da".