Bake-epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia egin du Udalak

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 27a, 00:00

Bake-epaile titular eta ordezko berri bana hautatzeko prozedura martxan jarri behar duela jakinarazi dio Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzak Usurbilgo Udalari. Horregatik, gai hau atzoko osoko bilkurara eraman zuen Bilduk eta aho batez onartu zuen udalbatzak. Hiru puntuko proposamenean, prozedura honen deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, hilabeteko epea finkatzen da, "interesa dutenek eskaerak aurkez ditzaten. Eskaerak udaletxe honetako erregistroan edota Administrazioko Jardunbidea arautzen duen Legediak xedaturiko eran aurkeztu beharko dira". Epe berean, deialdia jendaurrean ikusgai jarriko da. 

Udalak zehaztua duenez, hiru baldintza nagusi bete beharko dituzte deialdi honetara aurkezten direnek:
1-Espainiar Estatuko nazionalitatea izatea.
2-Adinez nagusia izatea.
3-Botere Judizialeko Lege Organikoko 102.,302.,303. eta 389. artikuluek Kargu judizialetarako aurreikusitako ezgaitasun eta bateraezintasun kausak ez edukitzea.

2012ko Lanpostuen Zerrenda
Bestalde, gobernu taldeak 2012ko udal Lanpostuen Zerrendan txertatu asmo dituen bi aldaketa berri proposatu zituen atzoko saioan. Batetik, Udaletik kanpo egin beharreko lanak direla eta, udal garbitzaileei B gidabaimena eskatzea eta lanalditik kanpo ordu gehiago sartzen dituztela jakinik, "1 operarioa" egungo lanaldi arruntetik lanaldi luzatuko modalitatera aldatzea. Bilduren aldeko bozkekin atera zen aurrera proposamena. Aralar eta EAJ-PNV abstenitu ziren eta Hamaikabatek aurka bozkatu zuen.