Sekañako obra kontratua hilabetez luzatzea erabaki du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 27a, 00:00

Sekaña eremuko II. Fasea Urbanizazio Proiektua exekutatzeko obra kontratua hilabetez luzatzea onartu zuen udalbatzak, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. Gobernu taldearekin batera, EAJ-PNV eta Aralar udal taldeek babestu zuten erabakia, Hamaikabat abstenitu zen, PSE-EE-ko udal ordezkaria ez zegoen atzoko saioan. Sekañako obren kontratua uztailaren 13ra arte luzatua geratu da, aipatu moduan, aurreikusia zegoena baino hilabete gehiagoz. Modu honetan, ekainaren 12an 2012/0560 dekretuaren bidez harturiko erabakiak berretsi ditu udalbatzak. 

Eremu berari lotuta bestalde, "kontratistari lan programa aurkezteko epea ezarriz, Alkateak 2012ko ekainaren 18an, 2012/0586 dekretuaren bidez hartutako erabakiak berrestea" onartu zuen udalbatzak. Hamaikabat abstenitu zen, gainerakoek alde bozkatu zuten.

Herri-bideak
Ez zen izan, atzo udalbatzak berretsi zituen dekretu bakarrak, udal ordezkariek guztira hiru dekretu berretsi baitzituzten. Hirugarrena, 2012/0585 zenbakiduna, herri-bideei loturikoa. Herri-bideen inbentarioa behin betiko onartzearen aurka tartekatutako auzi errekurtsoetan parte hartzeko abokatu eta prokuradoreak izendatzea proposatzen zuen gobernu taldeak. Mertxe Aizpurua alkateak berri eman zuenez, hiru auzi errekurtso tartekatu dira eta aipatu moduan, Udala ordezkatuko duten abokatu eta prokuradoreak izendatzea mahai gaineratu zen atzo. Proposamenaren alde agertu ziren Bildu eta EAJ-PNV. Abstentziora jo zuten Aralar eta Hamaikabatek. PSE-EE-ko udal ordezkaria ez zegoen atzoko osoko bilkuran.

Gai zerrendako puntu honen aurretik, bazen herri-bideei loturiko beste aztergai bat ere. Hain zuzen, herri-bideen inbentarioaren behin betiko onarpenaren aurrean tartekatutako administrazio helegiteak erantzutea zen puntu honen helburua. Alkateak zehaztu zuenez, 4 administrazio helegite tarkekatu dira. Formaz, haietako bat aintzakotzat ez hartzea proposatzen zen osoko bilkuran, eta gainerako hirurak ere aintzakotzat ez hartzea, edukiagatik. Bildu, Aralar eta EAJ-PNV proposamenaren alde agertu ziren, Hamaikabat abstenitu zen.