43 herritarren sinadurak babesturiko mozioa aurkeztu eta onartu zen, atzo buruturiko ekaineko osoko ohiko bilkuran. Testu honen bidez, herritar talde honek eskaera argi bat luzatzen zion udalbatzari: "Usurbilgo jaien karietara, herriko lagun talde batek nafar bandera udaletxeko balkoian jartzea eskatzen dugu, Euskal Herriko bandera nazionala denez gero". Eskaera gehiengo osoz onartu zen, Bilduk eta Aralarrek alde bozkatu baitzuten. EAJ-PNV eta Hamaikabat abstenitu ziren. Hamaikabateko bozeramaile Luis Mari Ormaetxeak euskaldunen bandera nazionala, nafar bandera ez, ikurriña dela aldarrikatu zuen.
Mozioak zehazten duenez, bandera nafarrak "500 urtez okupatuak izan ondoren bizirik mantentzen den giza taldea adierazten du, mundu zabalean bere identitate eta kutura propioekin, inposatutako menpekotasunetatik at, egon nahi duena. Ez dugu morroiaren estatusa nahi; gure burujabetasunean oinarriturik gizarte askea eta oso izan nahi dugu. Eta askatasunaren ikusmolde hau bandera nafarrean dago islaturik, herrialde independente baten sinboloa izan zen aldetik".