Akerra, aurtengo Santixabeletako maskota

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 27a, 00:00

2012ko Santixabelek badute jada, jaietako zaindari lanak egingo dituen maskota; gaur arratsaldean zintzilikatu duten akerra. Txitxo Eizagirre herritarrak eginiko lanaren emaitza ikusgai dago frontoian. Iaz Elizako kanpandorrean jarri ostean (orduko hartan, olagarroa), kokagune tradizioanalera bueltatu da maskota. Eta bertan izango da, aurtengo jaiak amaitu arte, hau da, datorren astelehen gauera arte. 

Maskota zintzilikatzeko lanak hasterako, Dema plaza apainduta zegoen jada zintzilikagarriekin. Eta plazan bertan, haur eta gurasoak mural bat ere prestatzen ari ziren, Santixabel hauetan ikusgai izango dena. 

Udalerria jai giroan murgiltzeko prestatzen hasia da. 24 ordu barru hasiko dira ofizialki, bihar 20:00etan Atzegiko kideen eskutik ospatuko den txupinazo ekitaldiarekin. 

Txosnak muntatzeko deialdia
Bihar arratsaldeko 17:00etatik aurrera irekiko da Askatasuna plazako txosna gunea. Datozen orduotan, itxuraldatuko da beraz, aipatu gunea. Bertan kokatzen joango dira oholtza eta txosnak. Jaiak ate joka ditugun seinale. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, txosnak prestatzen laguntzera deitzen dituzte herritarak. Gaur 19:00etan, Askatasuna plazan jarri dute hitzordua, usurbileginez.com web orrialdeak berri eman duenez.

Gehigarria prest
Aurtengo jaietako nondik norako guztien berri izateko, Santixabeletako gehigarria irakurtzeko aukera dago web orrialde honetan bertan. Agenda atalean egunez eguneko ekitaldien informazioa jaso dezakezue. Hasteko, hemen, asteazken honetarako deituak dauden hitzorduak:

Ekainak 27, asteazkena
16:00 Murala egitea eta maskota jartzea.
18:00 Pala txapelketak: ezinduen erakustaldia, emakumezkoen finala eta gizonezkoen finala.
22:00 Futbol txapelketako finala.