Batukadaren itzulera, larunbat gauean

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 28a, 00:00

Itzulera baten irudia utziko digute egunotan ospatuko diren Santixabelek. Hiru urteko etenaldiaren ostean, festa hauetan kale giroa animatzera bueltan datoz batukada taldekoak. Apirilaz geroztik Zumarte Musika Eskolan entsegu saioetan murgilduak daude. Talde kideetako batek, Antton Aranburuk NOAUA!-ri adierazi dionez, “errepertorioari hautsa kentzea, uste baino gutxiago kosta da. Lehenengo entsegu saioaren aurretik bai esaten genuela, ez ginela gogoratuko abestietaz”. Baina ez, lehenengo entsegu saiotik, erraz moldatu dituzte prestakuntza lanak. “Bere garaian ondo ikasitakoa gero bakarrik atera da”, dio Aranburuk. Bere esanetan, “bitxia da lehenengo entsegu saioa hasi eta denok duda txiki horrekin ginen ia gero zer zetorren. Baina unea iritsi eta atera egiten zitzaigun”.

2006an sortu eta hiru urtez kale giroa berotzen aritu zen taldeak emanaldi berri bat eskaintzeko erronkari hileotan heldu badio ere, lehendik taldearen inguruan itzultzeko saiakerak eta halako proposamenak egon dira, baina ez dira aurrera atera izan. Hiru urteko etenaldia gaindituta, orain bai, bueltan dira.

Larunbatean, 1:00etik aurrera
Garai bateko oroitzapenak berritu, Batukada taldekoen itzulera bertatik bertara ikusi eta garai batean bezala, euren inguruan gerri buelta mugitu nahi duenak, larunbat goizaldeko 1:00ean hasiko dute saioa. Kaxkoan barrena ibiliko dira kalejiran, eta txosnetan errematatuko dute saioa.

Aipatu moduan, entseatzen hasi direnetik jaietakoaz gain, emanaldi gehiago eskaintzeko proposamenak jaso dituzte. Baina ez, Santixabeletan soilik ikusi eta bizi ahal izango da Batukadakoen itzulera. “Bueltatzeko baldintza hori izan da; etorri, soilik festetan jo eta gozatzea”, adierazi dute. “Errepikatuko ez den” ekitaldia izango denez, herritarrak talde ingurura gerturatzera animatzen dituzte larunbat gauean.