Festa parekideen aldeko agiria kaleratu du Jai Batzordeak

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 28a, 00:00

Santixabelak antolatzeaz arduratzen den Jai Batzordeak, jai parekideen aldeko agiria prestatu eta kaleratu du. Eraso sexistarik onartu ez edota emakumeen parte hartzea sustatzen ahalegintzeko asmoa agertzen dute herri eragile eta udal ordezkariok. Bihar bestalde, gogoratu, Indarkeria Sexistarik Gabeko Txokoa jarriko dute, 18:00etatik 21:00etara, Dema plazatik Askatasuna plazara doan pasabidean. Hona hemen, Jai Batzordeak aipatu testua bere osotasunean:

JAI PAREKIDEEN ALDE!
Aurtengo Santixabeletan, jai eredu parekide eta parte hartzaileak eraikitzeko konpromezuari eutsi nahi diogu jai batzordetik. Herriko festek, eduki sinboliko haundia izaten dute, eta jendarte ereduaren ispilu izan ohi dira. Horrenbestean, festa guneetan botere harremanetan oinarritutako zapalkuntza maiz azaleratzen da eta honen ondorioz, desorekak ematen dira emakumeen eta gizonen parte hartzean.

Kaleetan festa giroa nagusitzen den bitartean, makina emakumeren eskuetan geratzen dira etxeko naiz zaintza lanen ardurak; otorduak prestatzea, kalimotxoz zikindutako alkandora eta erropak garbitzea, mendekotasuna duten senitartekoen zaintza lanak egitea...

Bestetik, hainbatetan, plazetan nahiz kaleetan antolatzen diren ekimenei eta ekintzei erreparatzen badiegu, nabarmena da, protagonista nagusiak gizonezkoak izan ohi direla: aizkolariak, zanpantzarrak, musikariak...

Aipatutako desoreka horiek ekidite aldera eta jai eredu parekide eta parte hartzaileak eraikitzeko bidean, Santixabeletan hainbat irizpide kontutan hartzeko ahalegin berezia egiteko bermea hartu dugu jai batzordetik, besteak beste:

-Festen antolakuntzan, emakumeen parte hartzea sustatzea eta lana modu parekide batean banatzea.

-Emakumeeen diskriminazio egoerak bermatzen dituzten ekimenak baztertzea.

-Osagai sexista duten musika, iragarkiak nahiz ekintzak sahiestea.

-Eraso sexistak eta jarrera lesbofobo eta homofobikorik ez onartzea.

Santixabeletaz gozatzea herritar guztion eskubidea da. Eraiki ditzagun hortaz, jai herrikoi, parte hartzaile eta parekideak!

Jai Batzordea