17:00etan irekiko dituzte txosnak, ITAYAkoen parodia eta joko artean

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 28a, 00:00

Txupinazoa jaurti baino hiru bat ordu lehenago, gaur arratsaldeko 17:00ak aldera irekiko da Askatasuna plazan kokatuko den txosna gunea. Lokalismoa eta gazteen sakabanaketa hizpide nagusi dituen parodia batekin hain zuzen. Ondoren, iaz bezala, hainbat jokoetan parte hartzeko aukera eskainiko dute. Azken orduotan, besteak beste, ITAYA Gazte Asanbladako kideak guztia prestatzen aritu dira. Ez bakarrik txosna gunea baita jaiak amaitu artean bertan antolatu dituzten hitzorduak ere. Egitarau zabala prestatu baitute. 

Hasteko, txosnak ireki, parodia burutu eta jokoetan parte hartu ostean, euskal dantzen emanaldia programatu dute. Eta afalordurako, paella jana. Hori bai paella jan nahi duenak, berak prestatu beharko du. Oinarrizko azpiegiura, sua edota arroza ITAYAkoek jarriko dute. Hortik aurrera behar dena, paella jan asmo dutenen esku geratuko da. Otordua bertsolariek girotuko dute. 1:00etik aurrera, saltsa dantza saioa Tiktara taldekoekin eta berbena talde batek ere joko du Askatasuna plazan. 

Bibote eta moño pasarela
Jaiek irauten duten artean, afalosteetarako ere ondo pasatzea helburu duten ekimen desberdinak antolatu ditu ITAYA-k. Ekimen berri eta originalen artean, bigote eta moño pasarela. Hitzordu honetarako, baten batzuk jada bigotea uzten ari omen direla entzun dugu. Egin beharrekoa erraza da, bere bigote edo orrazkera jendaurrean erakutsi nahi duenak Askatasuna plazako oholtza gainera igo eta bertan bueltatxo bat eman besterik ez du. Epaimahaian harrera hoberena duen orrazkera eta bigoteak sari sorpresa jasoko du, gazte asanbladatik aurreratu dutenez.