Dena prest, Usurbil Santixabeletan murgiltzeko

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 28a, 00:00

Azken urteotako ohiturari jarraituz, Dema plaza ingurua apain apain esnatu zaigu ostegun honetan. Santixabeletan murgiltzeko prest dago inguru hau, hasteko atzo zintzilikatu zuten maskotarekin. Aurtengoan akerra dugu jaietako zaindaria. Zintzilikagarriak ere jarri zituzten, Elizako kanpandorrea Dema plaza eta frontoi aldeko puntu desberdinekin lotuaz. Eta atzo arratsaldean haur eta gurasoek margoturiko murala ere elizako horman kokatu dute.

Jai guneetako bat inguru hau izango da, egunez haur jolas edota herri kirolak ospatuko dira bertan. Frontoian, kontzertuak edota bertso saioak gauean. Aurtengoan hitzordu ugari bilduko dituen beste gunea, Askatasuna plaza dugu. Txosnen eremua alegia; herri afariak, txapelketak, jokoak, Bertsio Gaua... denetarik izango dugu bertan. Aipatu baita, barrakak ailegatu direla Usurbila. Ohiko lekuan kokatu dituzte, anbulatorio inguruan.

Dena prest Usurbilen, bost egun iraungo dituen jaien zurrunbiloan murgiltzeko. Egunez eguneko ekitaldien zerrenda, web orrialde honetako Agenda atalean kontsulta daiteke.