Goizaldeko 6:00ak aldera jarria zuten hitzordua oilasko biltzera irteteko eta goiz osoan kalejira betean ibili ostean, Kaxkora itzuli dira gazteak. Askatasuna plazan bazkaltzen hasi baino lehen ateratako irudia duzue ondokoa. Bazkaldu eta arratsaldean zehar, hainbat jokoetan parte hartuko dute.
X. Pintura Lehiaketa
Goizean zehar bestalde, X. Pintura Lehiaketa ospatuko da frontoian. 2-16 urte arteko haur eta gazteek parte hartu ahal izango dute. Gai bat aukeratu du antolakuntzak eta honen inguruan marraztea proposatzen diete herriko haur eta gaztetxoei. “Zer gustatuko litzaizuke egitea uda honetan zure lagunekin?” galderari irudi bat sortuz erantzutean oinarrituko da aurtengo edizioa. Aipatu moduan, 10:30etatik aurrera frontoira gerturatzen diren haur eta gaztetxoek marrazteko beharrezko materiala pilotalekuan bertan izango dute. Jai Batzordeak gogorarazi duenez, “hala ere, komeni da orriaren azpialdean jartzeko euskarriren bat ekartzea (karpetaren bat edo liburua…). Nahi izanez gero, pintatzeko materiala etxetik ekar daiteke”.
11 sari
Haur eta gaztetxoek sorturiko artelanak ikusgai jarriko dituzte frontoian bertan. Eta eguerdiko 13:00etan, lehiaketako sariketa ospatuko da. Epaimahaiak guztira hamaika sari banatuko ditu: 2-4 eta 14-16 urte artekoen artean sari bana emango da, 5-13 urte artean, urte bakoitzeko sari bat. Halere, Jai Batzordetik ohartarazi dutenez, “epaimahaiak ikusten badu aurkeztutako lanek behar besteko kalitaterik ez dutela, sariak eman gabe gera litezke”. Sarituekin batera gainerako parte hartzaileak ere ez dira esku hutsik joango.
Kontzertu gaua
Zea Mays taldekoek kontzertua eskainiko dute bihar gauean, Iheskide taldekoekin batera. Aurretik herriko musika talde batek joko du. Hona hemen, ostiral honetarako lotua dagoen egitaraua:
06:00 Txokolatada.
06:00 Oilasko biltzaileen irteera.
10:30 Haur eta gaztetxoentzako X. Pintura Lehiaketa (materiala bertan banatuko da).
11:00 Toka txapelketa Artzabalen.
13:00 Pintura Lehiaketako sari-banaketa.
14:00 Oilasko biltzaileen bazkaria Askatasuna plazan (makarroiak eta xolomoa)
Ondoren, oilasko biltzaileen jokoak.
16:00 Ur-bataioa Oiardo Kiroldegian.
16:30 XXII. Igel Joko txapelketa Artzabalen.
18:00 Buruhandiak txistulariekin.
21:00 Herri afaria txosnetan.
23:30 Kontzertua. frontoian: Herriko talde bat, Zea Mays eta Iheskide.
02:00 Platano dantza txosnetan.
Ondoren DJa txosnetan
Tartean, Korroxkada lehiaketa.