Bilduk Gipuzkoako udaletan dituen 482 alkate eta zinegotzien ordezkaritza zabal batek prentsaurrekoa eskaini zuen atzo, hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen gatazkaren harira. Bilduk hain zuzen nagusitasuna du herrialdeko udaletan. Aldiz, Batzar Nagusietan EAJ-PNV, PSE-EE eta PP alderdiek osaturiko oposizioak ordezkaritza zabalagoa du. Bi nagusitasun hauen inguruan, honako gonbita luzatu zuten Bildutik: "Gipuzkoako bi gehiengoak elkar ulertzera behartuta gaude. Ez daukagu beste aukerarik, eta guk elkar ulertzeko prestutasun osoa daukagu. Horrela egin ezean, galtzaile guztiok izango gara. Horixe da Gipuzkoako udalon sentimendua eta konpromisoa", adierazi zuten Bilduko hautetsiek atzoko agerraldian.
Martin Garitano Ahaldun Nagusiari eta Juan Karlos Alduntzin ingurumen diputatuari eurekin biltzeko deia egin zieten, eta Batzar Nagusiei, "eskatu nahi diegu gaur hemen azalarazi dugun gehiengoa kontuan hartzeko, eta elkar ulertzeko urratsak emateko".
Gogorarazten dutenez, udalek dute hondakinak biltzeko eskumena. Eta alde horretatik, herrialdeko udal gehienek apustu garbia egin dutela zioten, "gure herriak zero zabor herriak bihurtzeko, hondakinen eremuan ditugun eskuduntzak baliatuta". Beste behin azpimarratzen dutenez, "egungo eredua agortuta dago eta ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik sostengaezina da".
Bilduko hautetsiek Aldundiak ekaina hasieran ezagutzera eman zuen planaren nondik norakoak txalotu dituzte. "Erantzun positiboa ematen dio gipuzkoarren nahiari", zioten atzo.