Kantak dioen moduan, atzo primeran pasa zuten haurrek

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 29a, 00:00

Etxeko txikienak izan ziren atzo, jaietako jaun eta jabe. Herriko guraso talde batek eurei zuzenduta prestaturiko hitzorduak goizean hasi eta arratsaldera arte luzatu ziren. Bazkalaurretik, taldeetan banatuta ginkana batean parte hartzeko aukera izan zuten. Bitartean, salto eta brinko aritu ziren beste hainbat haur, Dema plazan kokatu zituzten puzgarrietan. Auto txikietan ere gidari trebeak izan daitezkeela ere erakutsi zuten, Mikel Laboa plazan zabaldu zuten gunean. Artean, txu txu trena gora eta behera zebilen Kaxkoan barrena, bidaiariz betea. Egun osoa, kalean eta festa giroan murgildu asmoz, antolakuntzatik kalean bazkaltzera gonbidatzen zieten gaztetxoei. Bazkalostean jai giroan jarraitzeko.

Zurezko jolasetan dibertitzeko hitzordua baitzuten gero. Guraso eta haurrek, eta bertan zeuden jokoek, frontoia jolastoki erraldoi batean bilakatu zuten. Askarirako tartea hartu zuten 17:00ak aldera, Sutegiko sarrera parean; txokolate gozoa bizkotxoekin. Giroa freskatu berri zuela eta euria hasi zuela kontuan hartuta, primerako jakia sabela pozteko. Jarraian etorri ziren, Hipo eta Tomax pailazoen emanaldia, edota eguerdi zein arratsalde partean ere lasterketa ugari eragin zuten buruhandiak. Guztia, "Primerako eguna" abestiak girotuta.