Atzegiko kideek piztu dute jaietako suziria

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 29a, 00:00

Emozioa nabaria zen atzoko txupinazo ekitaldian. Herrian ezagunak diren Jon, Josetxo, Gaizka, Albaro, Iosu... oso pozik igo ziren Dema plazako oholtza gainera. Usurbil eta herritarren babesa eta txalo zaparrada jaso zuten guztiek. Eta eurek, Santixabelak goraipatu eta ondo pasatzeko mezua helarazi nahi izan zieten herritarrei. Aurtengoan, adimen urritasuneko herritarrak eta euren senideak biltzen dituen Atzegi elkartearen eskutik piztu da jaietako suziri nagusia. 

Aurretik, udal ordezkariak egon ziren Dema plazako oholtza gainean. Bildu, EAJ-PNV eta Aralarreko zinegotziak. Guztien izenean Mertxe Aizpurua alkateak hartu zuen hitza. Bere adierazpenak eta txupinazo ekitaldiko uneetako batzuk, NOAUATB atalean ikusgai dagoen bideoan.

Soka-dantza, astelehenean
Hamarkada batetik gora etenda zegoen ohitura berreskuratu dute datozen Santixabel hauetarako; jatorrian, garai batean udal ordezkariak partaide zituen soka-dantza hain zuzen. Azkenekoz, 2002. urtean ospatu zen ekitaldi hau. Orduko hartan, udalbatza osatzen zuten zinegotziez gain, herriko eragileei parte hartzeko luzatzen zitzaien gonbitaren baitan, Andatza Mendizale Elkarteko kideek dantzatu zuten. Aipatu moduan, hamar urte beranduago, ohitura zahar hau berreskuratu eta berriz ospatuko da, herriko festetako jai egun nagusian; uztailaren 2an, Santixabel Egunean. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazan.

Soka-dantzan parte hartzeko gonbita udal taldeetako ordezkari guztiak jaso duten arren, aurtengoan behintzat, gobernu taldeko kideek eta Aralar udal taldeko ordezkariek parte hartuko dute. Bilduko Mertxe Aizpurua alkateak, eta Alaitz Aizpurua, Jone Urdanpilleta, Josu Portu, Jose Maria Rivadeneyra, Enara Arbizu eta Iñaki Ugarte zinegotziek. Eta Aralarreko Joxe Ramon Furundarena eta Eustakio Arrojeria udal ordezkariek. Hurrengo urterako, soka-dantzarako udalbatza osoa biltzea da ekitaldi honen eragileen asmoa.