Asteburu bete proposamen, ITAYA Gazte Asanbladakoen eskutik

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 29a, 00:00

Txosnak irekita, gazteen sakabanaketa eta lokalismoa irudikatzen zituen parodia eskaini zutenetik, atzotik, jai giro betean dira ITAYA Gazte Asanbladakoak. Egitarau zabala prestatu dute, proposamen berri eta originalekin, hasi berri diren festak amaitu artean. Eurek deitutako hitzordu nagusiak, Askatasuna plazako txosnen bueltan ospatuko dira. Gaur adibidez, tradizionala dugun platano dantza eta DJa izango ditugu txosnetan. Tartean, baita ekimen berri bat ere; korroxkada lehiaketa. Lagun arte bat baino gehiagotako abileziak orain, oholtza gainean erakusteko aukera egongo da. Epaimahaiak, “usaina ezik gainerako guztia baloratuko du”. 

Beste bi proposamen larunbat gauerako; iaz arrakasta izugarria izan zuen karaokearen eskutik abesti desberdinak kantatzeko aukera egongo da, goizaldeko 2:00etan hasita. Eta tartean, maleta karrera ospatuko da. Lasterka bat baino gehiago egiteko aukera izango dute, errelebokako proba honetan. Antolakuntzatik joko honi begirako deialdia zabaldu nahi dute. Inork utzi nahi duen arropa zaharrik baldin badu, antolatzaileek eskertuko lukete txosnetara eramatea. 

Iganderako bestalde, "a un toke" txapelketa antolatu dute Mikel Laboa plazan, 16:30etatik aurrera. Eta patata tortilla txapelketa, 19:30etatik aurrera txosnetan. Txapelketan parte hartzen dutenek, gero txosnetan prestatu dituzten tortillak dastatzeko aukera izango dute. 

Bertsio Gaua
Santixabel bezpera, egunarekin lotuko duen txosnetako ekitaldia Bertsio Gaua dugu aurtengoan. Musika ekoizpen lantegian bihurtu den Harane futbol zelai ondoko lokaletan, uztailaren 1eko emanaldia prestatzen dabiltza herriko musika taldeak. ITAYA Gazte Asanbladatik aurreratu dutenez, bi zatitan banatua egongo den bost orduko saioa eskaintzekoak dira igande gauean. Lehenbizi, musikari ezagunen abesti sorta entzuteko aukera izango da, herriko taldeen eskutik. Jarraian, beste hainbat kanta entzun ahal izango dira, oraingoan, musika taldeetako kideak elkarren artean nahastuta. Adi, tartean, aspaldi ikusi gabeko herriko musika talde bat berriz oholtza gainean ikusteko aukera egongo baita. Hitzordua, Askatasuna plazan, igande goizaldeko 1:30etan.

Gaztetxearen aldeko ekitaldia
Jaia eta aldarrikapena uztartuko dituzte Santixabel hauetan, ITAYA Gazte Asanbladako kideek. Jaietako azken egunean, uztailaren 2an gaztetxearen aldeko ekimena burutu asmo dute. Hasteko, 19:00etan Mikel Laboa plazatik abiatu den manifestazioa deitu dute. Jarraian, Askatasuna plazan ekitaldia burutuko dute, egitasmo honi loturiko lanketa erakutsiko duen bideo emanaldi edota hitzordu honetarako sortu den abesti aurkezpen eta guzti. Agerraldia iragarri dute gaztetxean aldeko eragileek eta amaitzeko, bertaratuko guztiekin argazki bat atera asmo dute. Herritarrei, mobilizazio eta ekitaldi honetan parte hartzeko gonbita luzatzen diete gazte asanbladatik. Kamiseta gorriak jantzita bertaratzera deitzen dituzte.