Proposamen anitz larunbat hau jai giroan ospatzeko. Eguneko ekitaldi nagusia, 12:00etan hasiko da kantu-jirarekin. Kantu Taldekoek ikasturteari bihar emango diote amaiera, jai giroan eta Kuxkuxtu txaranga lagun dutela Kaxkoan barrena burutuko duten kalejirarekin. Kantuzaleak eta zikiro jana gustuko dutenak, guztiak batera Askatasuna plazan bilduko dira gerom bazkaltzeko. Jan edanarekin batera, txosna gunean kantuan jarraitzeko aukera izango da.
Ekitaldia, presoen eskubideen alde
Jaietan egonik, ekaineko azken ostirala izanik, ekainaren 29an burutzekoa zen euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, larunbatera pasa dute, ekitaldi formatuan. Urtero Santixabeletan egiten den ekitaldia larunbat arratsaldeko 20:00etan hasiko da, Askatasuna plazan.
Punta puntako bertsolariak
Santixabeletako Bertsopaper Lehiaketako irabazlearen izen abizenak, larunbat gauean jakingo dira. Aurretik, bertso saio ederraz gozatzeko aukera egongo da frontoian, 22:00etan hasita. Bota Punttubakoek seikote hau gonbidatu du, jaietako ohiko hitzordura; Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Josu Oiartzabal, Arkaitz Estiballes eta Aitor Sarriegi.
Batukadaren itzulera
Bihar bestalde, Batukada taldekoak itzuliko dira. Santixabeletarako bakarrik ordea, jai hauetan saioa eskaintzeko bildu baitira usurbildarrak. Larunbat gaueko 1:00etan hasiko dute emanaldia.
Hona hemen, ekainaren 30eko ekitaldien hitzorduak:
6:00 Salda banaketa.
09:00 Esnadeia trikitilariekin.
09:30 VII. Kayak jaitsiera Alirin (Zubieta).
10:00-11:30 Santixabel Bola Txapelketa irekia.
10:30 Umeentzako Ginkana, Puntapaxeko zubitik abiatuta. Bizikleta eta kaskoa ekarri.
12:00 Kantujira. Kuxkuxtu txarangak lagundurik beren kantu-liburuxkarekin.
14:30 Kantu-zikiro-jana txosnetan Kuxkuxturen laguntzarekin.
17:30-19:00 Santixabel Bola Txapelketa irekia.
18:00 Buruhandiak trikitilariekin.
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldia.
22:00 Bertso-saioa frontoian. Bertsolariak: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Josu Oiartzabal, Arkaitz Estiballes eta Aitor Sarriegi.
Jarraian, XXXVI. Santixabel Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa.
01:00 Batukada.
Dantzaldia frontoian: Laiotz.
02:00 Karaokea txosnetan.
Tartean, Maleta Karrera txosnetan.
Ondoren, karaokearen jarraipena.