Bost egunez, etenik gabeko jai giroan murgildua egon ostean, egunerokotasunera itzuli da Usurbil. Amaitu dira 2012ko Santixabelak, bart gauean Dema plazara gerturatu zirenek gozatu ahal izan zuten azken traka saioarekin. Ikusgarria maskotaren erretzea, eta baita suziri festa. Baina txalo zaparrada jaso zutenak, ITAYA Gazte Asanbladako kideak izan ziren. Euskal dantzen emanaldi bikaina eskaini zuten, azken traka girotzeko.
Modu honetan, suziri eta dantza saio artean, Kubako Morena´s Son musika taldearekin, eta txosnetako ur jolasekin amaitu dira aurtengo festak. Astelehenez aurten, Santixabel egunez. Uztailaren 2ak jaietako beste hainbat irudi ere utzi dizkigu. Hala nola, duela hamar urteko ohitura berreskuratuz, udal ordezkari talde batek soka-dantza ekitaldian parte hartu du. Pilota Txapelketak finalak ere ospatu ziren atzo, baita gaztetxearen aldeko manifestazio eta ekitaldia ere.
Urtero esan ohi dena, 2013ko Santixabeletarako geroz eta gutxiago geratzen da.