San Juanak eta Santixabelak igaro ostean, eta oraindik denbora geratzen bada ere, hurrengo jaietara gerturatzen ari gara pixkanaka. Inguruotako hurrengo festa giroa Zubietara lekuz aldatuko da hiru aste barru. Aurten Santio egunez hasiko dituzte ospakizunak. Oraingoan, zazpi eguneko Herri Jaiak prestatu dituzte Jai Batzordekoek. Uztailaren 25etik 31ra, haurrentzako ekitaldiak, oilasko biltzaileak, kontzertuak, herri bazkari eta antzerkiak, kirol jarduerak... denetarik izango da Zubietan.
Xanixtebanak eta Atxegalde
Uztailaren 31n Zubietan amaitu eta egun gutxira, Urdaiaga auzoak hartuko du jaien lekukoa. Abuztuaren 3an ospatzen da San Esteban eguna, aurten ostiralez. Honenbestez, abuztuko lehen asteburuaren bueltan izango da nahikoa aitzakia, bertara igotzeko. Eta gero, Atxegaldeko festak datoz, aurten, hilabete aldaketarekin egokituko dira. Abuztuaren 31n hasi, irailaren 1ean jarraitu eta 2an amaituko dira. Uda honetan ere beraz, bai parrandarako eta ondo pasatzeko hitzordu faltan ez gara egongo.