Andatza Mendizale Elkarteak asteburu honetarako antolatua zuen eskalada ikastaroa bertan behera geratu da. Bilgunetik berri eman dutenez, "aurrerago beste ikuspegi batekin eskaladari ekiteko asmoa badugu eta honen berri ere izango duzue". Honenbestez, ostegun honetarako asteburuko hitzordua prestatzeko deitua zuten bilera ere bertan behera geratuko da.
Pirinioetara bai
Aldiz, Santixabelak igarota, urtero Pirinioetara joateko antolatu ohi duten asteburu pasa bai, egingo dute. Oraindik, uztailaren 14 eta 15eko mendi irteeran parte hartu nahi dutenek, izen ematea irekita dute uztailaren 9ra arte. 20 euroko ordainketa egin behar dute, Andatza Mendizale Elkarteak Kutxan duen kontu korronte zenbaki honetan: 2101 0069 16 0121883656. Baina irteerako kostuak guztira, 60 euroko izango dira Andatzako kideentzat, 65 eurokoa gainerakoentzat, "aterpeko pentsio-erdia eta autobusa barne direlarik".
Asteburu pasaren nondik norako guztien berri izateko, Andatzakoek bilera deitu dute, astebete barrurako, uztailaren 12rako, 19:00etan Sutegin. Halere, hauxe da andatzamendizale.info web orritik aurreratu duten egitaraua, informazio gehiago web orrialde berean:
Uztailak 14, larunbata
6:30ean irteera autobusez Oiardo udal kiroldegiko aparkalekutik. Sallent de Gallegora iritsi eta La Sarratik abiatuko gara, Paso del Onso aldera. Arrieleko lakuak ikusi ondoren Respomusoko aterpera iritsiko gara bertan afaldu eta lo egiteko. Ibilbidea 5 ordu ingurukoa izango da.
Uztailak 15, igandea
Aterpean gosaldu ondoren, GR-11 ibilbideari jarraituko diogu eta Llena Cantal lakua igaro ondoren Tebarraiko lepora iritsiko gara, gaiurreko bidea hartzeko. Kontuz ibili beharreko azken ertza igaro eta, Tebarraiko gailurrera iritsiko gara. Gailurrak 2.916 mt ditu eta bistak zoragarriak dira. Infiernos, Garmo Negro, Argualas, Facha, Balaitus, Frondellas, Telera, Midi d’Ossau edo urrutiko Vignemale, Taillón, Perdido, Petrechema eta Anie ikusteko aukera izango dugu eguraldia lagun bada. Gailurra utzi eta berriro lepora jaitsiko gara. Infiernoseko lepoa igaro eta Ibones Azules eta Bachimañako urtegitik pasako gara, beherantz hartu eta Panticosara iristeko. Ibilbidea 7 ordu ingurukoa izango da. Ondoren autobusez Usurbilera itzuliko gara.