EAJ-PNV, PP eta PSE-EE alderdiek Foru Aldundiko ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzinen aurka erregistratua duten zentsura mozioa eztabaidatu, bozkatu eta onartu dute gaur, aldeko 28 bozkekin eta aurkako beste 22 bozkekin.
Goizeko 10:00ak pasatxotan hasi da eztabaida saioa. Lehenago, 9:15 aldera ailegatu da Alduntzin. Lasai agertu da hedabideen aurrean, babesa adierazi dioten lagun eta Aldundiko gobernu taldeko ordezkariak alboan zituela; Martin Garitano ahaldun nagusia, edota Bildu koalizioa osatzen duten alderdietako ordezkariak tartean. Ezker Abertzaleko Joseba Permach, Alternatibako Oskar Matute eta EAko idazkari nagusi Pello Urizar bertan ziren.
Erakunde horretan, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP alderdiek gehiengoa dute, Bildu eta Aralarren aurrean. Zentsura mozioa, Foru Aldundiak duela hilabete aurkeztu zuen hondakinen plan eguneratuaren haritik dator.
Hedabideek aurreratu dutenez, Alduntzin ordezkatuko duen Foru Aldundiko ingurumen diputatu berria nor den, astelehenean emango dute ezagutzera.
Manifestazioa bihar
Gaurko zentsura mozio aurkezpena salatzeko, larunbat honetarako, uztailaren 7rako, manifestazioa antolatu du EH Bilduk, Donostian. Usurbileginez.com web orrialdeak berri eman duenez, mobilizazioa, 17:30etan abiatuko da Bulebarretik, "Birziklatzeari zentsurarik ez; Gipuzkoa aldatzen ari gara" lemapean.