Hondakinak kudeatzeko eskumena errespetatzea eskatu diote alkateek Aldundiari

Noaua Aldizkaria 2012ko uzt. 6a, 00:00

Gipuzkoako udalen gehiengoa ordezkatzen duen alkate talde bat, Usurbilgo Mertxe Aizpurua tartean, Foru Aldundiko diputatu nagusiarekin bildu zen atzo goizean. Hondakinen kudeaketa izan zuten hizpide nagusi. Aizpuruarekin batera, bilkuran parte hartu zuten Azpeitiako Eneko Etxeberria, Lezoko Ainhoa Zabalo eta Tolosako Ibai Iriarte alkateek, errauste planta finantzatzearen aurka daudela adierazi zioten Martin Garitanori. Era berean, hondakinak udalek kudeatu behar dituztenez, euren borondatea kontuan hartzea galdegin zioten.

Bildu.info web orritik berri eman dutenez, diputatu nagusiak gehiengo ezberdinen arteko adostasunak lortzea ezinbestekotzat jo zuen, gaineratuz, "foru gobernuak hori lortzeko ahalegin berezia egin duela". Alkateei ohartarazi zienez, Aldundia ez da udalen eskumenen gainetik jarriko, bere egitekoa elkarlanean udalak laguntzea izango dela iragarri zuen.