Alduntzini babesa adierazteko, elkarretaratzea burutu dute Batzar Nagusien atarian

Noaua Aldizkaria 2012ko uzt. 6a, 00:00

Gipuzkoa Zero Zabor eta Errausketaren Aurkako Koordinakundeko ordezkariak, Batzar Nagusien egoitza atarian bildu dira gaur goizeko 9:00etan. Elkarretaratzea burutu dute Aldundiko koloretako haize errotak eskutan zituztela, ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzini babesa adierazteko.

Bertan irakurri eta bidali berri diguten komunikatuak jasotzen duenez, "hemen ordezkatuta dauden taldeek Juan Karlos Alduntzin zoriondu nahi dugu, hondakinen gaian bizi dugun une itxaropentsu honetara iritsi izanaren ardura zati handi bat berea delako, eta norabide horretan lanean segitzen duen heinean, gure babes osoa izaten segituko duela adierazi. Aukera bat eman eta ondo egin duenak, herritarron konfiantza merezi du eta".

Hona hemen, GZZ-koek Batzar Nagusien atarian irakurri duten testua, bere osotasunean:

Hondakinen kudeaketa txarrak sortzen dituen arazoak guztioi eragiten digu. Berdin du zein alderdiri ematen diogun botoa, berdin du zein den gure pentsakera, erlijio edota azalaren kolorea. Kiratsak, kutsadurak, dioxinak eta xahuketa ekonomikoak, kaltea berdin-berdin eragiten digu guztioi. Arazoa guztiona da beraz, eta guztiok batera ekin beharko genuke konponbidearen alde. Zoritxarrez, politikariek sarritan interes orokorrekoak diren gai garrantzitsuak salgai jartzen dituzte botoen azokan etekinak lortzeko xedez. Horixe da Gipuzkoan hondakinen kudeaketaren gaiarekin gertatu dena. Kudeaketan dagoen alderdiari desgastea eragitearren batetik, eta enpresa handien mesede aitor-ezinen morrontzari zor dioten lehialtasunak eraginda bestetik, hainbat politikari eta hedabide jo eta su ari dira gaia politizatu eta zatiketa eragin nahian.

Hemen gauden gizarte eragileok garbi daukagu gai hau ez dela alderdikerietarako gaia. Aurretik agintean zeudenei eskua luzatu genien, eredu kutsakor eta garestiak alde batera utzi eta guztiok batera Zero Zabor norabidean joateko. Berdin egin genuen hauteskunde ondoren gobernu aldaketa etorri zenean. Alderdien siglak gure mezuetan ahalik eta gutxien azal daitezen saiatzen gara. Gure artikulu eta adierazpenak horren lekuko. Izan ere badakigulako gai honetan bat egiten dugunon artean, bestelako gaietan pentsakera oso ezberdina izan dezakegula. Eta horrela egiten segiko dugu aurrerantzean ere. Guztion osasuna eta ingurumena babesteko konpromisuari eusteko asmoa daukagulako.

Esan bezala, Zero Zabor norabidean joateko urratsak egiteko prest dagoen edozein arduraduni gure babesa emango diogu, edozein alderditakoa dela ere. Eta Juan Karlos Alduntzin ez da salbuespena. Hamar urte igaro dira 2002 urtean GHHKPO –PIGRUG delako plan orokorra martxan jarri zenetik. Hamar urte daramagu Gipuzkoar askok errausketari alternatibak garatzeko eskatzen. Beste horrenbeste izan dira Aldunditik mezu etsigarriak behin eta berriz jasotzen pasatakoak. Inork ez omen du nahi errausketa, baina ez zegoen bestelako aukerarik. Orain arteko zabortegiak ala errausketa. Behin eta berriz mezu ezkor berdina, unean uneko egoerara egokituta. Lehen ezinezkoa omen zen birziklatze maila altuak lortzea. Beraz erraustea beharrezkoa zen. Gerora, bilketa sistema eraginkorrak badirela erakutsi denean, geratzen den %15-%20 horrentzako irtenbidea bilatu behar zela zen kontua. Eta egoera horren aurrean ere errauste-planta eraikitzearekin tematuta jarraitzen dute.

Kontua da, Juan Karlos Alduntzin ingurumen diputatua duen Foru Aldundiak, nazioarteko adituen taldeak eginiko, hondakinak errausketarik gabe kudeatzeko plangintza orokorra proposatu duela. Alegia, posible dela Gipuzkoako hondakinak errausketarik gabe kudeatzea. Eta hori nonbait, ez da hamarkada bat hori ezinezkoa zela esan eta esan aritu zaizkigunen gustuko. Beraien ezina gainditu eta Gipuzkoarrei irtenbide pozgarri eta itxaropentsu hori eskaini diguna zoriondu eta babestu beharrean, haren aurka jotzea erabaki dute. Aurrekontuaren erdiarekin, beraiek konpondu ezin omen zuten arazoa konpontzeagatik zigortu nahi dute.

Hemen ordezkatuta dauden taldeek Juan Karlos Alduntzin zoriondu nahi dugu, hondakinen gaian bizi dugun une itxaropentsu honetara iritsi izanaren ardura zati handi bat berea delako, eta norabide horretan lanean segitzen duen heinean, gure babes osoa izaten segituko duela adierazi. Aukera bat eman eta ondo egin duenak, herritarron konfiantza merezi du eta.

Ainhoa Arrozpide ( Gipuzkoa Zero Zabor )

Maria Luisa Sanchez ( Errausketaren Aurkako Koordinakundea )



Irudia: GZZ.