Izen ematea irekita, larunbateko Udako Kale Antzerki Eguneko tailerrerako

Noaua Aldizkaria 2012ko uzt. 10a, 00:00

Gerturatzen ari da Udako Kale Antzerki Eguna, larunbat honetan ospatuko da. Beste ekitaldien artean, antzerki tailer bat programatu du Txerriki antzerki taldeak. Galder Perez aktoreak zuzenduko du, eta hilaren 14an goizean, Jakoba Errekondoren eskutik Kaxko inguruetan ezagututako natur txokoetan oinarrituriko eszena laburrak prestatzeko aukera egongo da bikoteka. Izen ematea irekita dago. Interesdunek, email bat bidal dezakete txerriki@gmail.com helbidera.

Natura, ingurugiro gaiak eta antzerki zaletasuna uztartuko ditu larunbaterako antolatu eta azken urteotan ospatu den Kale Antzerki Eguna ordezkatuko duen hitzordu berri honek. Aurrerantzean hain zuzen, lehengo urteroko festa eguna dosifikatu eta formatu txikiagoetan, urtaro bakoitzeko arte eszenikoei loturiko egun bat antolatu asmo dute Txerrikiko lagunek. Lehenengo ekimena, aipatu moduan, uda honetarako prestatu dute, uztailaren 14rako. Hona hemen antolatu diren ekitaldiak:   

9:30 "Usurbilgo Kaxkoan dugun natura" ezagutzeko irteera Sutegitik: Jakoba Errekondorekin Usurbilgo natur txoko batzuk ezagutu eta naturarenganako begirada landuko dugu. Doakoa. Iraupena: bi ordu eta laurden.

12:00 "Eguzkiaren bidaia" antzezlana Sutegin. Sarrera: 2 euro (Naturari buruzko marrazkia, idatzia... ekarrita sarrera doan).

15:30-17:30 Antzerki tailerra: Jakoba Errekondorekin egindako ibilbidean oinarritutako eszena laburrak bikoteka prestatuko dira, Galder Perezen laguntzarekin. Potxoenea eta Sutegin. Matrikula: 5 euro. Plaza mugatuak. Izen emateko txerriki@gmail.com

17:30 "Naturbira antzeztua" ekintza ibiltaria. Irteera Sutegitik: trikitixarekin girotutako kalejiran, hainbat geldialdi egin eta antzerki eszena laburrak eskainiko dira. Doakoa.

Antolatzailea: Txerriki.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.