Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Merkatu enpresak ireki berri duten web orrialde berri bati esker, aurrerantzean bertako sagardoa Internet bidez erosteko aukera egongo da. Apuntatu, hauxe da web orrialde honen helbidea: www.sagardo.com edo www.sidranatural.com. Momentuz, hamar sagardotegik bat egin dute egitasmo berri honekin, baina pixkanaka herrialde mailako elkarteko partaide diren gainerako sagardotegiek ere euren edaria salgai jarriko dute.
Salmenta orri bat baino gehiago da sagardo.com. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 50 sagardotegien eta ekoizpen sektore honen inguruko informazioa ere jasotzen baitu atari berriak. Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babestu dute proiektu berri hau. Merkatu enpresak diseinatu du web orria. Ondoko irudia, egitasmo berria aurkezteko joan den ostiralean burutu zen aurkezpen ekitaldikoa da.
Irudia: Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea.