Etxeetako sukaldeko olio erabilia biltzeko sistema berria martxan da ekaina hasieraz geroztik. 14 guneetan jasotzen da, Usurbilgo Udalak abiatutako ekimen honen baitan: San Marko Mankomunitateko kamioian, Garbigunean (astelehenetik aurrera, Atallun), hiru larrialdi guneetan, eta hainbat saltokietan. Honako hauetan: Alkartasuna kooperatiba, Imanol Txapartegi harategia, Aliprox supermerkatua, Alkorta Autozerbitzuak, Artzabal supermerkatua, Esnaola Echave, Otar Goxo, Txalaka fruta denda eta Eiza denda.
Olio erabilia biltzeko herritarrek egin beharrekoa erraza da. Udalak egitasmoa martxan jartzear zuela berri ematen zutenez, "olioa norberak ekarriko beharko du itxita egongo den plastikozko edo beirazko edukiontzitan (etxean sortzen diren poteak berrerabiliz) eta herriko dendari eta garbiguneko ohiko orduetan nahi denean utzi ahal izango dira pote horiek. Trukean, herriko dendariek txartelak banatuko dizkiete olioa utzi duten herritarrei, batzuk 10 €-ko saria izango dutelarik, dendan bertan erosketa egiteko. Ondoren Usurbilgo Udalak, dendarien laguntzarekin, olioa Ekogras enpresari emango dio biodiesela ekoitzi ahal izateko".
Kanpaina aurkezpena etzi
Egitasmo honi buruzko nondik norako guztiak, ostiral honetan aurkeztuko dituzte, 11:30etatik aurrera, Udalak Potxoenean deitu duen prentsaurrekoan. Iragarri dutenez, ekitaldi berean, "Ekograsek, landare olio erabilia kudeatzen duen enpresak, Katxiporreta eta Irrien Lagunak-ekin elkarlanean, olioaren birziklatzeari buruzko DVDa aurkeztuko du".
Ikus-entzunezkoaren bidez, "haurrak olio erabiliaren birziklapenaren beharraz kontzientziatu nahi dira. Horretarako sortu da DVDa eta baita Olibatxo pertsonaia. Olibatxok, olioaren sorreratik birziklatzerainoko bidea erakusten du, Irrien Lagunekin batera". Erabilitako olio bilketa saltokietako batean nola egiten den ikusteko aukera egongo da gero.
Aurkezpen ekitaldi honetan, ordezkariok parte hartuko dute: Xabier Muro, Ekograseko gerentea; Jone Urdanpileta, Usurbilgo Udaleko Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia; eta Irrien Lagunak-eko Porrotx eta Olibatxo.