Urtero moduan, garai honetan Andatza Mendizale Elkarteak asteburu pasa antolatu du larunbat eta igande honetarako, Pirinioetara. Izen emateko epea astelehenean itxi zuten. Antolatzaileek apuntatu direnekin ostegun honetan biltzeko asmoa dute, gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera Sutegin deitu duten hitzorduan. Bertan, asteburu pasara joateko asmoa dutenek beharrezko argibideak jasoko dituzte.
Hauxe da andatzamendizale.info web orritik, uztailaren 14 eta 15erako irteerari begira aurreratu duten egitaraua, informazio gehiago web orrialde berean:
Uztailak 14, larunbata
6:30ean irteera autobusez Oiardo udal kiroldegiko aparkalekutik. Sallent de Gallegora iritsi eta La Sarratik abiatuko gara, Paso del Onso aldera. Arrieleko lakuak ikusi ondoren Respomusoko aterpera iritsiko gara bertan afaldu eta lo egiteko. Ibilbidea 5 ordu ingurukoa izango da.
Uztailak 15, igandea
Aterpean gosaldu ondoren, GR-11 ibilbideari jarraituko diogu eta Llena Cantal lakua igaro ondoren Tebarraiko lepora iritsiko gara, gaiurreko bidea hartzeko. Kontuz ibili beharreko azken ertza igaro eta, Tebarraiko gailurrera iritsiko gara. Gailurrak 2.916 mt ditu eta bistak zoragarriak dira. Infiernos, Garmo Negro, Argualas, Facha, Balaitus, Frondellas, Telera, Midi d’Ossau edo urrutiko Vignemale, Taillón, Perdido, Petrechema eta Anie ikusteko aukera izango dugu eguraldia lagun bada. Gailurra utzi eta berriro lepora jaitsiko gara. Infiernoseko lepoa igaro eta Ibones Azules eta Bachimañako urtegitik pasako gara, beherantz hartu eta Panticosara iristeko. Ibilbidea 7 ordu ingurukoa izango da. Ondoren autobusez Usurbilera itzuliko gara.