Batzar Nagusietako EAJ-PNV, PSE-EE eta PP alderdiek Foru Aldundiko ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzinen aurkako zentsura mozioa aurkeztu, eztabaidatu eta onartu ostean, Bilduk zuzentzen duen herrialde mailako erakundeak baieztatu du jada, nork hartuko duen Alduntzinek utzitako postua; Haritz Salaberriak. Aurreko legegintzaldian, EAE-ANV-ko alkate izan zen Lezoko Udalean eta Aldundiaren gipuzkoaberri.net web orriak berri eman duenez, "azken hilabeteetan Diputatu Nagusiaren Kabinetean aritu da lanean, aholkulari bezala".
Web orri berak Salaberria hautatu izanaren arrazoiak azaltzen ditu. "Gipuzkoako Foru Aldundiari Salaberriak profil egokia duela iruditu zaio: batetik, erakundeak ezagutzen dituelako eta lan ona egin duelako haietan; bestetik, Pasaiako badiaren berritzearen auzia ongi ezagutzen duelako eta Lurralde Antolaketaren ikuspegitik garrantzia handia duelako eta, azkenik, proiektuak eta ekimenak aurrera eramateko duen gaitasunagatik", adierazi dute gipuzkoaberri.net ataritik.
Alduntzinen aurka oposizioko hiru alderdik aurkezturiko zentsura mozioa ere baloratu du Aldundiak. "Gipuzkoako Foru Aldundiak zentsura mozioaren ondorioz Alduntzin diputatu kargutik kentzea beste aukerarik ez du, baina Aldundia oso harro dago Alduntzinek egindako lanaz, Aldundi honek eta Gipuzkoako hautesleek agindutakoa betetzeagatik bota dutelako", adierazi dute.