San Marko Mankomunitateak berri eman eta Gipuzkoa Zero Zabor taldekoek jaso dutenez, enpresetako bilketa zerbitzua hobetu asmo dute aurrerantzean. Mankomunitateko hamarretik bederatzi udalerrietan hondakinak gaika, 14 ataletan biltzen hasi asmo dute. Lehen gaika 3 hondakin atal eta beste bat nahasian jasotzen zuten. Bildutako hondakinen karakterizazioan antzeman zutenez, "2011. urtean, 7380 tona bota genituen zabortegira poligono guztietatik eta karakterizazio honetatik atera dugun ondorioa izan da, berez birziklagarria ez dena 2000 tonara ere ez dela iristen". Horregatik berebiziko garrantzia duela diote, Mankomunitatetik bilketa zerbitzuan txertatu asmo duten aldaketa. Proposamen hau, datorren asteazkenean San Markok burutuko duen batzarrera eramango dute, onartua izan dadin.
"Gure ardura da sortzen ditugun hondakinek kudeaketa zuzen bat izatea eta hau ezinezkoa izango litzateke hondakin hauek guztiak nahastuta jasoko bagenitu. Europako zuzentarauek dioten moduan, hondakinak baliabide bezala ulertu behar ditugu eta gainera birziklagarria eta konpostagarria dena ezin dugu zabortegira bota. Beraz gugatik eta gure ondorengoengatik egin beharrekoa dela iruditzen zaigu", adierazi dute Mankomunitateko ordezkariek. Proposamena datorren asteko batzarrean onartzen bada, hondakinak 14 zatitan gaika biltzeko modu berria pixkanaka txertatzen joango dira urriaren 1etik aurrera, "urte bukaerarako poligono guztietan jasoko direlarik 14 frakzioak".