Arraskatik behera ez bota, sukaldean erabilitako olioa birziklatu eta berrerabil daiteke. Mezu horrekin aurkeztu du gaur eguerdian, olio erabilia biltzeko egitasmoaren kanpaina. Gogoan izan, Usurbilen 14 guneetan jasotzen dute gai hau, ekaina hasieraz geroztik: San Marko Mankomunitateko kamioian, Garbigunean (astelehenetik aurrera, Atallun), hiru larrialdi guneetan, eta hainbat saltokietan. Honako hauetan: Alkartasuna kooperatiba, Imanol Txapartegi harategia, Aliprox supermerkatua, Alkorta Autozerbitzuak, Artzabal supermerkatua, Esnaola Echave, Otar Goxo, Txalaka fruta denda eta Eiza denda.
Gaurko kanpaina aurkezpena berezia izan da. Otar Goxo parean ateratako irudia da ondokoa, besteak beste, Irrien Lagunak-eko Porrotx bertan zela. Eta harekin batera, lagun berri bat; Olibatxo. Olio erabilia biltzeko ontzi batekin, erabilitako olioa birziklatzea ze erraza den erakutsi dute. Gero, Otar Goxotik kalejiran Potxoeneara abiatu dira. Bertan, olioaren ekoizpen prozesua erakutsi eta gai hau nola birzikla daitekeen azaltzen duen DVD bat proiektatu dute. Olibatxok berak ematen ditu ikus-entzunezko berri honetako azalpenak, eta irudietan, Irrien Lagunak-eko kideak agertzen dira.
Gaur aurkeztu den kanpaina honen bidez, olio erabilia birziklatzeko beharraz kontzientziatu nahi dute Irrien Lagunak-ekoek. Eurekin batera, erabilitako olioaren bilketa bultzatzeko elkarlanean dihardute, Usurbilgo Udalak, herriko hainbat saltokik eta Ekograsek.