Larunbatean ospatu zen Udako Antzerki Egunaren inguruko balorazio baikorra egin du antolatze lanetaz arduratu zen Txerriki antzerki taldeak. Herenegun deitu zituzten hitzorduetara gerturatu ziren herritarrei eskerrak helarazi nahi dizkiete, NOAUA!-ra bidali duten balorazio honekin batera. Eta parte hartzera animatzen dute, irailean ospatuko diren kale antzerki saio eta baita IV. Topa Eszenikan. Hona hemen, aipatu Txerrikikoen balorazioa bere osotasunean:
"Larunbat goizean hogei lagun elkartu ginen. Horien artean herritarrak (batzuk seme alabekin) eta arratsaldeko antzerki tailerrean parte hartuko zutenak. Jakobarekin herriko natura ezagutzen hasteko parada hezitzailea eta entretenigarria izan genuen.
Eguerdian, “Eguzkiaren bidaia” antzezlanera gerturatutakoak adin guztietako berrogeita hamar lagun izango ziren. Eszenatokian Bilboko bi antzezle on izan genituelarik ordu polita igaro genuen.
Arratsaldean esperimentazioa eta sorkuntzari ekin genion. Parte hartzaileak Azkoitia, Lakuntza, Lasarte-oria, Ondarru, Tolosa, Usurbil eta Zarauztik etorritakoak ziren. Bakoitzak bere euskara eta artea eskaini zigun. Eta ausardia! Ordu t’erdian prestatutako pieza laburrak jendaurrean eskaintzera animatu baitziren. Eta lau piezak oso ondo egon ziren. Usurbilgo bikoteak ere maila ona eman zuen. Esan, Jakobarekin egindako bueltak asko lagundu zuela, baita Bilboko Aiora eta Galderren babesak. Ez genekien herritarrak hurbilduko ziren eta bai, animatu ziren, eta nola! Hastea kosta bazitzaigun ere (antzezleak urduri zeuden oso), erantzuna ezin hobea izan zen. Erantzun bikaina. Errepide ondoko landareetan antzerkia eta publikoa aurkitu genituen.
Honela, egun osoan zehar ekintzetara gerturatu ziren herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu: animoak indartzen dizkiguzue eta zuei esker antzerkia herriarena egiten dugu.
Bost urte bete dira Txerriki sortu zenetik. Bost urteetan esperientzia eta bizipen ugari izan arren, orain hasi gara bidea egiten. Orain ikusten dugu aurrerantzean nondik jo dezakegun.
Irailean Usurbilen kale antzerkiak eta IV. Topa Eszenika izango ditugu. Badugu zer ikusi eta ikasi. Egin, parte hartu eta gozatu".