Garbigune berria, inauguratuta eta zabalik

Noaua Aldizkaria 2012ko uzt. 16a, 00:00

Kalezarko Pikaola eremua itxita, astelehen honetatik aurrera Atallun kokatuko da Garbigune berria. Instalakuntzok udal eta San Marko Mankomunitateko ordezkariak bildu dituen ekitaldian inauguratu dituzte gaur eguerdian. Aipatu moduan, jada erabilgarri dago.

Mertxe Aizpurua alkateak, gaurko irekiera zero zabor bidean Usurbilentzat berri ona izango dela aipatu du. San Marko Mankomunitatetik ere, "egiten ari garen politikaren isla" dela aipatu du Hondakinen Konsorzioko kide eta ingurumen alorreko zinegotzi Jose Maria Rivadeneyrak. Garbigune berriak hondakinen kudeaketa hobetuko duela iragarri du, bertan diharduen langilearen lan baldintzak baita hobetuko direla, eta Atalluko instalakuntzek zerbitzu zabalagoa eskainiko dutela. Aurrerantzean hain zuzen, usurbildarrentzat bakarrik ez, inguruko udalerrietako herritarrek ere Garbigunea erabili izango baitute.

Astelehen honetako ekitaldiak, "beste urrats bat errausketaren aurka", horixe suposatzen du Rivadeneyraren esanetan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Mankomunitateen eta Udalen arteko elkarlana defendatu du eta honako galdera hau luzatu: "Hiru erakundeon arteko elkarlana ez al da nahikoa, hondakinen kudeaketa eraginkorra izateko?". 

"Egin ez eta egiten utzi nahi ez" dietela salatu dute gaurko inaugurazio ekitaldian. Aipatu dutenez, Usurbilgoarekin batera, Donostian beste Garbigune bat ireki asmo dute, eta urte amaierarako, Gipuzkoako Garbigune sarea osatua egongo da. 

Atalluko Garbigune berria, orain arteko ordutegi berean egongo da irekita; astelehenetik larunbatera.