Mobilizazioak egunotan, Espainiako Gobernuak onarturiko murrizketen aurka

Noaua Aldizkaria 2012ko uzt. 17a, 00:00

Protesta astea dugu honakoa, Espainiako Gobernuak onartuak dituen murrizketen aurka. Astearte honetarako, Hego Euskal Herriko hainbat eragileen babesarekin, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, Hiru, EHNE, CGT-LKN eta CNT sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte gaur goizerako, enplegu zerbitzuak eskaintzen dituzten egoitzen aurrean. Gure inguruan, Donostian besteak beste. 

Biharko, uztailak 18, kazerolada elkarretaratzeak deitu dituzte, 19:00-20:00ak tartean. Usurbileginez.com web orritik berri ematen ari direnez, "usurbildarroi Donostiara joateko deialdia luzatu digute, Marino Tabuyo 14 kalera hain zuzen ere" (Gros-Ategorrieta zonaldean). 

Larunbateko manifestaziora joateko autobusa
Bestalde, EH Bildu koalizioak "Murrizketarik ez! Burujabetza ekonomikoa" lemapean manifestazio nazionala deitu du larunbat honetarako, uztailaren 21erako, "Espainiako gobernuak Euskal Herriaren eta euskal herritarren kontra inoiz buruturiko eraso sozial eta ekonomiko larriena salatzeko eta PPk dekretatu dituen azken neurri murriztaile guztiz larrien aurrean".

Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatzekoa da mobilizazioa, arratsaldeko 17:30etan. Bizkaiko hiriburura joateko autobusa antolatu da. Larunbat arratsaldeko 16:00etan irtengo da, Bordatxo pareko errotondatik. Antolatzaileek bi eskaera luzatu dizkiete manifestaziora joan asmo duten herritarrei; batetik, puntualak izatea larunbatean. Eta bestalde, autobusean apuntatzea azken unera arte ez uztea. Izen emateko epea gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera irekiko da, antolakuntzak Txiribogan eta Aitzaga tabernan eta elkartean jarriko dituen zerrendetan.  

Irudia: LAB sindikatua.