Bueltan dator hamarkada batetik gorako etenaldi luze baten osteko, Atxegaldeko festen seigarren edizioa. 2012ko jaiak, abuztuaren 31tik irailaren 2ra ospatuko dira. Auzoko Jai Batzordeko kideek, azken orduko aldaketarik ez bada, 48 orduz jai giroa ziurtatuko duen egitaraua borobildua dute jada. Ez dira faltako, aurreko urteetan arrakastatsuak izan diren zenbait hitzordu; tartean, Josune Aranburuk girotu ohi duen kantu-afaria. Aurten, berrikuntza batekin dator gainera; kantu-afari soila ez, "mozorro-kantu afaria" ospatuko da Atxegaldeko festetan.
Patata tortilla txapelketak ere ez du hutsik egingo jaietako azken egunean. Haurrak izango dira larunbateko, hau da, irailaren 1eko protagonistak. Eta gauetan, kontzertuak ospatuko dira; Urrezko Muxkerrak herriko taldearen emanaldia iragarria dago, baita Ingo al deu edota Dj Gude-rena. Eta jaiak burrunba artean agurtuko dituzte azken trakarekin, baina hasi ere mugimendu betean ekingo diote Atxegaldeko festei, Dinbi-Danba batukada taldeak girotuko duen herri poteoarekin.
Hilabete eta erdi eskas jaiak hasteko. Atxegaldeko festekin hitzordua, aipatu bezala, abuztuaren 31n, arratsaldeko 17:30etan.