Uztaila heltzearekin batera, urtero moduan Pirinioetan asteburu pasa izan dira Andatza Mendizale Elkartekoak. 37 lagun bildu zituzten hilaren 14 eta 15eko irteeran. Hauxe, asteburu pasaren inguruan bidali duten balorazioa. Hurrengo irteera, irailaren 2an Enkarterrietara, "Ordunteko mendietan, Lanzas Agudasetik Balmasedara ibilbidea egiteko asmoz". Informazio gehiago, andatzamendizale.info web orrialdean. Eta orain bai, jarraian, Pirinioetako asteburu pasaren inguruan Andatzakoek NOAUA!ra helarazi duten balorazio testua:
"Pasa den aste bukaera honetan, uztailak 14 eta 15ean, Andatza Mendi Kirol Elkarteko 37 mendizale Pirineotarantz joan gara, Piedrafitako zirkoan, eguraldi ederraz lagundurik, gora- behera ibiltzera hain zuzen.
Ohikoa dugun moduan, goizean goiz geratu ginen Oiardoko sarreran bakoitzak bere traste guztiak autobusean sartu eta bidaiarekin hasteko. Lehenengo geltokia Puente la Reina izan genuen; kafetxo bat hartu hobeto esnatzeko, eta ogia erosi hurrengo egunetako bazkarietarako.
Azkenik, autobusean bidaiari amaiera emateko Sallent de Gallegora iritsi ginen. Bertan, motxilak etab. hartu, erropa erosoekin prest jarri eta gorantz abiatu ginen. La Sarratik barrena, Arrieleko lakuetara joan ginen. Han ginela bazkaltzeko tartea hartu genuen, baita bat edo bestek bainua hartzeko ere. Zenbait aurrerago geratzen ziren lakuak ikustera joan ziren, beste batzuk Palas-era igotzeko asmoarekin abiatu ziren, eta beste batzuk nahiago izan zuten bertan geratu.
Laku hauetatik Respomusoko aterpera joan ginen, han dutxa hotz-bero bat hartu, lasai egon pixkatean eta afaltzeko asmoarekin.
Igande goiza, aterpean gosari eder batekin hasi genuen, ondoren zazpi terdiak inguruan ibilbidearekin hasteko. Respomusoko aterpetik GR-11 ibilbideari jarraitu genion eta Tebarraiko leporaino dagoen malda gogorra igaro ondoren, gailurrerantz joan ginen gailurreko 2916 metrotara iritsiz.
Goian ginela begi bistan genuenaz gozatu tarte batean, zenbaitek dantza egiteko indarra ere izan zuten. Balaitus, Midi d’Ossau, Vignemale eta hainbat gailur eta aran bistan genituen. Derrigorrezko argazkiak atera eta beheruntz joan ginen. Bidean otordutxo bat egin, eta zenbaitek gehiago igotzeko zituzten nahiak agerian geratzea bat izan ziren. Azkenik, ausart batzuk Infiernoseso gailurrerantz igo eta beste batzuk beheruntz, Panticosa bidetik.
Beheranzko bidean Ibones Azules-etik pasa eta Bachimañako urtegiko aterpe berria ezagutu ondoren, Baños de Panticosara iritsi ginen. Han, putzuan, azken bainuak hartu ur frexko frexkotan, denok elkartu eta autobusean etxeranzko bidea hasi genuen aste bukaerako bidaiari amaiera eman ahal izateko".
Irudia: Andatza K.E.