Kezka bizirik Atxegalden, kea eta usain txarra direla eta

Noaua Aldizkaria 2012ko uzt. 18a, 00:00

Ingurumen gaiak herritarrak kezkatzen dituela argi geratu da beste behin, ekainaren 28an Usurbilgo Udalak Atxegalden deitu zuen bilkuran. Auzoko aretoa txiki geratu zen. Galderak, kezkak, zalantzak ugariak ziren, azken urteotan Atxegalden sumatu den kea eta usaina direla eta. Gaiak azken urteotan eman duena eta egun zertan den azaltzen aritu zen, ingurumen eta nekazaritza alorreko udal gobernu taldeko kide Jose Maria Rivadeneyra. 

Konpondu gabe jarraitzen du, hainbat herritarren, bereziki Atxegalde inguruan bizi direnen artean, azken urteotan kezka eta haserrea eragin duen arazo batek; itxura guztien arabera, Ucin enpresak aireratu eta herritarrek arnastu behar duten ke eta usain txarrak.

Gai honi buruzko azalpenak emateko Udalak bilera antolatu zuen ekainaren 28an, Atxegalden duen egoitzan. Hitzordura auzotar ugari bertaratzeak, agerian utzi zuen gai honek pizten duen kezka eta jakin mina. Ke eta usain txarra jasanezina zela zioten herritarren kexu asko jaso baitu Udalak azken urteotan. Eta horri erantzunez, aipatu erakundetik arazoa konpontzeko egin diren saiakerak azaltzen aritu zen Jose Maria Rivadeneyra ingurumen eta nekazaritza alorreko zinegotzia.

Garai honetan, ezbairik gabe bileran bertan zalantzan jartzen ez zen jatorria du, atxegaldetarrek urteotan behin baino gehiagotan arnastu duten usainak eta keak; Osinalde industria gunean kokaturiko Ucin enpresa hain zuzen. Arazoaren iturria bertan kokaturik, azken urteotan Usurbilgo Udalak, enpresarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin egin dituen saiakeren berri eman zuen Rivadeneyrak.

Urtebete lehenagotik jasotzen hasitako kexei erantzunez, 2005. urteaz geroztik, bilerak ugariak izan dira. Eta azaltzen joan zenez, gai honek ordutik jorratu duen bidea gorabeheratsua. Hasieratik eta kasik gaur arte, enpresak ukatu egin du inongo arazo eragilea denik. Bertatik argia izan da Udalari helarazi izan dioten mezua, Rivadeneyraren esanetan, “Ucinek ez zuela arazoa sortzen, ur lurruna baino ez zuela botatzen”.

Kezka giroa, hedatuz
Arazoa bera guztiz onartu gabe ere, denborarekin, Ucin enpresak berak onartu du arazoak zituztela labeko kanpanarekin. “Ez zuen xurgatzen kea behar bezala”, ingurumen alorreko zinegotziak bileran aipatzen zuenez. Hobekuntza lanak ere egin zituzten 2007an baina handik gutxira sutea izan eta filtroak erre ziren, Rivadeneyraren esanetan. Konponketa lanak egin artean, kea “filtrorik gabe isuri” zen airera garai hartan. Beste hainbeste gertatu zen iaz ere, 2011n beste sute bat jazo baitzen enpresa berean.

Arazoa konpondu gabe egon arren, 2008an Ingurumen Baimen Bateratua eskatzen dio enpresak Eusko Jaurlaritzari. Gasteizetik behin behinekoa jasotzen du, baina behin betikoa lortzeko auditoria bat pasa behar du. 2010. urtera arte ez zioten eman aipatu baimena. Edozein kasutan, tarte horretan herritarren kexuak, eta batez ere gai honekiko kezka ez zen inolaz ere apaldu. Alderantziz, 2008-2009 ikasturtean, Atxegalde ondoan kokatua dagoen Udarregi Ikastolan bost minbizi kasu agertu ziren haurren artean. Une horretatik aurrera, mintzagai dugun enpresarekin hartu emanetan jarraitzearekin batera, orduan Xabier Mikel Errekondo alkatearen gobernu taldeak lanketa bide berri bat ireki zuen; batetik, Usurbilen arnasten den airearen kalitatea neurtzeko azterketak enkargatu zituen, baita minbizi kasuen inguruko behaketa lana ere.

Ezohiko emaitzarik ez
Airearen kalitateari loturik eginiko azterketen emaitzak, Udalak 2010. urte amaieran aurkeztu zituen jendaurrean. Eta adierazi zutenez, Bilduko zinegotziak duela bi asteko bileran gogorarazten zuen moduan, ez zen ezohiko emaitzarik jaso. Beti ere, neurketak egin diren uneetan. EHU-ko kimika fakultateko neurgailua ere egon izan da Atxegalden, baina ez du kezkatzeko moduko emaitzarik utzi. Ez behintzat, neurketa lanak egiten aritu diren egunetan. Minbizi kasuen aurrean ere beste hainbeste diote. Duela hiru ikasturte, goranzko joera bat egon zela, baina kasualitatearen ondorio dela guztia. Batzuetan halakoak gertatzen direla, horixe azterketa egin dutenek diotena. Eta honenbestez, ez dituzte minbizi kasuok konpontzeke dagoen arazoarekin lotzen. Aurten, jarraipen zehatz horri egitea utzi diote. 

Panorama honen aurrean, eta iaz abiatutako legegintzaldi honetan, egungo gobernu taldeak arazoak hor jarraitzen duela ikusi eta konpondu asmoz, ekainaren 14an beste behin bildu ziren, Eusko Jaurlaritza eta Ucin enpresako ordezkariekin. Rivadeneyraren esanetan, dagoen arazoa onartu besterik ez zitzaion gelditu Jaurlaritzari, gobernu taldeko kideek bideo bat jarri ziotenean. “Jaurlaritzak onartu zuen kea zela, ez ur lurruna”, Ucin enpresatik airera isurtzen ari zirena. Enpresako ordezkariei, “ke horiek ez dute atera behar” planteatu ziela adierazi zuen Rivadeneyrak. Baina begi bistakoa ukatzen du enpresako ordezkariak. “Berak ukatzen du, usaina Ucin-ek eragiten duela”, gaineratu zuen zinegotziak. Industria gunean lantegi gehiago daudela diote eta Udalari usainaren inguruko azterketa bat egitea eskatzen diote.

Herritarrei, kexuen berri emateko deia
Ekainaren 28an Atxegalden burutu zen bilera amaieran, gaur egun oraindik arazoa konpondu gabe dagoela jakinik, aurrera begirako bi lan ildo nagusi planteatu ziren; batetik, aipatu enpresatik ke gehiago ez aireratzeko saiakeran jarraitzea, jakinik Udalak bere mugak dituela. Ingurumen zinegotziak gogorarazten zuenez, “instalakuntzak legez Eusko Jaurlaritzak kontrolatzen ditu”. Baina Udalak horixe du bere jomuga, lehentasuna. Alde horretatik enpresari ke gehiago ez botatzeko pauso zehatzak ematea eskatzen dio. Horretarako, lege aldetik Jaurlaritzak bezala Udalak ere kontrol lanak egiteko zer egin dezakeen aztertu asmo du. Bestalde, kea edo usain txarra sumatzen duten herritarrei kexuen berri eman eta gai honi buruzko informazioa Udalera bideratzeko deia zabaldu zen bilkuran.

Ibilbide luzea, konponbide bila
Hauxe kronologikoki, ekainaren 28an Atxegalden burutu zen bilkuran eman ziren azalpenen arabera, gai honek azken urteotan eman duena laburbilduta:

2004: herritarren lehen kexak usaina dela eta. Bizilagunak arazoak Ucin enpresako kearekin lotzen hasten dira.

2005: lehen harremanak, Udala eta Ucin enpresaren artean.

2006: Ucin-en lehen tramiteak, instalakuntzak legeztatzeko.

2007: kexak areagotu ziren. Arazoari aurre egiteko, Udalak laguntza eskatzen du. Bilera, Udala, Ucin eta Jaurlaritzaren artean. Ucin-ek labeko kanpanarekin arazoak dituela onartzen du. Hobekuntza lanak egiten dituzte, baina filtroak erretzen zaizkie sute batean. Konponketak egin bitartean, filtrorik gabe isurtzen dute kea airera.

2008/4: Ingurumeneko Baimen Bateratua eskatzen dio Ucin enpresak Eusko Jaurlaritzari. Behin behinekoa jasotzen dute.

2008/8-2009/4: bost minbizi kasu agertzen dira, haurren artean. Kezka nabarmen areagotzen da. Aire kalitatea eta minbizi kasuon inguruko azterketak egiten dira.

2010: behin betiko Ingurumeneko Baimen Bateratua jasotzen du Ucin enpresak, auditoria bat pasa ostean.

2010/8: minbizi kasuei buruz Jaurlaritzak eginiko txostenaren emaitzak: ezohiko daturik ez. Aire kalitateari loturiko azterketan ere ezohiko emaitzarik ez.

2010/9: 704 sinadura biltzen dituzte herritarrek.

2011: 19 urtetik beherako beste gazte baten minbizi kasua.

2012: Jaurlaritzak bertan behera utzi du, Usurbili egiten ari zitzaion jarraipen berezia.