Azken jaietan, euskal preso politikoen eskubideen alde Askatasuna plazan burutu zen ekitaldian irakurritako "Argia" izeneko testua helarazi dute NOAUA!ra. Hona hemen testua, bere osotasunean:
Argia
Nola hasi zerbaitekin ez dakizunean ere zerbait hori zer den. Zer azaldu? Zer apaindu? Hau, hori ala hura? Eta halako batean ARGIA! Jainkoarena? Fedea baldin baduzu. Ilustrazioarena? D´Alambert-en Entziklopediarena. Askatasunarena? Umeen ipuinetan sinesten baduzu. Zerena orduan? Edo norena?
Egunsentiarena. Egunsenti eder batena, horizontetik lotsati esnatzen den eguzkiak dakarrena. INSPIRAZIOA, Eta egunak laguntzen ez digun arren, saia zaitez irudikatzen goizean goiz eguzkia sortaldetik irteten egunaren amaieran sartaldetik agurtzeko. Bere eguneko ibilaldian.
Eta argitzen ditu herriko etxeen teilatuak. Eta Usurbilgo elizaren hormako apaingailu bakoitza. Eta Zumetaren mural erraldoia. Frontoiaren antifrontis koloretsua. Eta Andatzako pinudiak, hosto erorkodun basoak irentsi dituztenak. Eta Oria ibaia bere zahartzaroan itsasoa agurtze bidean. Sagarrondoetatik zintzilik dauden sagar eta loreak, aldapeko sagarraren adarraren puntan kantatzen ari den txoria.
Iraganeko altxorrak denboraren orratzak gastatu, pitzatu eta batzuetan desagertu ere egiten ditu. Baratzak bezala,baserriak bezala, txirristra bezala. Elefantea zirudien txirristra bere tronpatik behera jaitsiarazten zituena bere buru gainera igotzen ziren haurrak. Eta ez hain haurrak.
Eguzkiak hauek denak bakoitza bere egunsentian argitu ditu eta lotan zeudenak esnatu lapur baten gisa sarturik pertsianen zirrikituetatik eta ipurdi bilutsietan gometsak balira bezala itsatsirik.
Baina pertsiana guztien zirrikituetatik ez dira sartzen argi izpiak goizean goiz esnatu berriekin jolastera ipurtargiak balira bezala.
Lau horma existentziaren mugak ipintzeko, iluntasunaren esklabo. Esklabo iluna argitan ere. Gaueko farolek bezala, interesatzen zaiena. Ez besterik.
Eta fededunek jainkoari kandelak pizten dizkioten moduan, egoera honetan bizi direnek itxaropenari pizten dizkiote kandelak. Lau hormetatik herrira dagoen bidea argitzeko. Eta egunsentiko eguzkiak Usurbil argitzen duen moduan, kandela hauek ere lau hormen artean biziarazten dituzten usurbildarren Usurbil argitzen dute. Herriko etxeen teilatuak, Usurbilgo elizaren hormetako apaingailu bakoitza, Zumetaren mural erraldoia, Andatzako pinudiak, Oria ibaia bere zahartzaroan itsasora agurtze bidean, sagarrondoetatik zintzilik dauden sagar eta loreak, aldapeko sagarraren adarraren puntan dauden txoriak, baratzeak, baserriak, txirristra.
OROITZAPENAK. Baina oroitzapenak ezin daitezke ukitu, airea bezala dira,beharrezkoak bizitzeko, baina hutsak bere materian.
Horregatik nahi ditugu gurekin izan eta egon daitezen piztu ditugun kandelen suak erre diezaioten bihotza berau eskuratu nahi dutenean. Herria ukitu nahi dutenean.
Ugaitz Agirre Zapirain
Usurbilen, 2012ko ekainaren 30ean irakurria Santixabeletan egin zen presoen aldeko ekitaldian.