2012ko XXXVI. Bertsopaper Lehiaketako irabazlea Jon Aizpurua Esnaola usurbildarra izan da. Hemen, aurtengo edizioko zortzi bertso garaileak:
I
Ia lau urte lortu ezinik
Bizi osoko desira
Eta etsitzen hasi orduko
Ezustekoa, begira!
Hura aitaren irribarrea,
Amaren begi distira
Sentipen horren berezia da
Ezin dut hitzez deskriba
Berri guztiak haurdunaldi bat
Bezain ederrak balira.
II
Lehen egunetik ilusioak
Adrenalina, indarra
Hura lagunei, familiari
Dena kontatu beharra
Denborak ere bere bidea
Egin zuen tirri-tarra
Eta ohartu ginenerako
Txinparta bihurtu garra
Halako gauza txikia da ta
Axola duen bakarra.
III
Hilabeteak aurrera hala
Bisitak medikuari
Ekografiak ta odol probak
Umearen zelatari
Lehen irudiak, lehen ostikadak
Guraso berrion sari
Ta bapatean gutun azal bat
Gurutzatu salatari
Medikuaren begirada bat
Kosk eginez bihotzari
IV
“46 kromosometan
Daukagu garen guzia
Baina haur honek bat gehiago du
hor bere ahulezia”
Hortik aurrera ez nuen entzun
Medikuaren tesia
Hura bihotza geldi ezina
Hura barne garraisia
Une batean aldatzen dira
Zoria eta bizia!
V
Etxera sartu, ate kolpea,
Egin da ixiltasuna
Sofa gorrian eseri eta
Ahaztu dut neska-laguna
Malko bakoitzak bigarren bat du
Ta hark bien oiartzuna
Ohe berean sartu orduko
Sentitu urruntasuna
Amets gaiztotan urtu aurretik
Esnatu da erantzuna
VI
“Errua ez da umearena,
Ez duzu zuk, ez dakuat nik
Gaur minak bahitu digun guztian
Izango dugu kemenik.
Ez dut etengo, hasieratik
Sentitzen baitut bizirik
Haur horrentzako eredu ere
Izan gintezke oraindik
Kromosometan ez dago ama
Sena hiltzeko indarrik”
VII
Ezin ukatu beldur nintzela
Ametsak jauzi zirela
Nire barnean aitatasunak
Bazuela nahiko gerla
Mila liburu artean ito
Mirari bila bezela
Baina kostata ulertu nuen
Baliozko erregela
Haur horrek behar zuen guztia
Gure maitasuna zela
VIII
Behin erditzeko unea heldu
Eta zalantzak akabo
Eskutik heldu, begirada bat,
“maitea zurekin nago!”
Ordu pare bat pasa orduko
Negar ezin ozenago
“Zatoz nigana, lasai txikia”
Ohiukatu arroago,
Down sindromea ez dela muga
Mundua sano badago