Espainiako Gobernuak onarturiko erreformen aurka, greba orokorra deitu dute zortzi sindikatuek eta ehun bat gizarte eragileek. ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CGT-LKN eta CNT sindikatuek eta ehunetik gora eragileek aipatu moduan. Hedabideak aurreratzen ari direnez, irailaren 26rako deitu dute greba orokorra.
Larunbateko manifestaziora joateko autobusa
Bestalde, EH Bildu koalizioak "Murrizketarik ez! Burujabetza ekonomikoa" lemapean manifestazio nazionala deitu du larunbat honetarako, uztailaren 21erako, "Espainiako gobernuak Euskal Herriaren eta euskal herritarren kontra inoiz buruturiko eraso sozial eta ekonomiko larriena salatzeko eta PPk dekretatu dituen azken neurri murriztaile guztiz larrien aurrean".
Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatzekoa da mobilizazioa, arratsaldeko 17:30etan. Bizkaiko hiriburura joateko autobusa antolatu da. Larunbat arratsaldeko 16:00etan irtengo da, Bordatxo pareko errotondatik. Antolatzaileek bi eskaera luzatu dizkiete manifestaziora joan asmo duten herritarrei; batetik, puntualak izatea larunbatean. Eta bestalde, autobusean apuntatzea azken unera arte ez uztea. Izen emateko aukera dago, Txiribogan eta Aitzaga tabernan eta elkartean jarri dituzten zerrendetan.