Uztailaren 27tik aurrera Londresen ospatuko diren Olinpiar Jokoetan parte hartuko du Usurbil Judo Klubeko kide Oiana Blancok. Mundu mailako kirolari onenen artean lehiatuko da, hilaren 28an. 48 kiloz azpikoen mailan parte hartuko du Blancok, beste 13 judokekin batera. Egun horretan jokatuko dira kanporaketa saioak eta baita finalak ere. Olinpiar Jokoen sailkapenean hamaikagarren posturaino heldu da. Basqueteam.com web orriak Usurbil Judo Klubeko kideak orain arte burutu duen ibilbidea jasotzen du. "Olinpiar Jokoetan azken denboraldietan sekulako goranzko bilakaera izan eta gero. Bigarren izan zen Rotterdameko Europako Txapelketan 2009an, hirugarren Vienan 2010ean eta bostgarren Istanbulen 2011n. Azken bi urteetan nahikoa puntu pilatu ditu nazioarteko txapelketetan Londreserako sailkapena lortu ahal izateko: 2011n bi urrezko domina eskuratu zituen World Cup-etan (Madril eta Viena), bigarren izan zen Quingdaoko Grand Prix-ean; aurten berriz Varsoviako World Cup-ean gailendu da eta Almatyko Masters-ean (Azerbaian) bostgarren amaitu zuen", gogoraratzen du Basqueteam.com web orrialdeak.
Kirol jarduera honetako Euskal Herriko ordezkaritza, Blancorekin batera beste bi judokek osatuko dute; Kiyoshi Uematsu bizkaitarrak eta Sugoi Uriarte arabarrak. Orain arteko euskaldun gehien bilduko dira kirol jarduera honetan, Londonen ospatuko diren Olinpiar Jokoetan.
Bere kirol ibilbideko hitzordu garrantzitsuenaren atarian, Oiana Blanco elkarrizketatu du NOAUA!-k. Astekari honetan jaso ditugu bere erantzunak. Berak prest du guztia, Londresen duen onena emateko.