Gaztetxeko kideak, Udala eta Alkartasunako jabeekin biltzekoak dira

Noaua Aldizkaria 2012ko abu. 27a, 00:00

ITAYA Gazte Asanbladak adierazia zuen duela hilabete batzuetatik, Usurbilek gaztetxe baten beharra zuela. Gai honi loturiko parte hartze prozesu bat ere burutu du bilguneak azken hilabeteotan. Hainbat herri eragileren atxikimenduak jaso ditu ITAYA-k. Bideo bat ere prestatu dute, Youtuben ikus daiteke, helbide honetan: http://www.youtube.com/watch?v=_b-3vH4TWtI&feature=plcp

Gazte asanbladatik gune autogestionatu baten beharra aldarrikatu izan dute aipatu moduan. Asteburu honetan, hitzetik ekintzetara igaro dira ITAYAko kideak: garai bateko Alkartasuna kooperatibako egoitza okupatu dute. Okupazioari lotuta gertatzen ari denaren berri, sare sozialen bidez ematen ari dira. Twitterreko helbide honetan: @irauliusurbil. Blog bat ere zabaldu dute, hauxe helbidea: usurbilokupatu.blogspot.com.es.

Larunbatean okupatu zuten eraikina, gaztetxearen deitua zuten trikipoteoaren egun berean. Twitter bidez, herenegun eman zuten albistearen berri: "Iritsi da Usurbilen Gaztetxea! 16:00etan ekingo diogu garbiketari. Hurbildu auzolanera!". Lehen gauerako ere honakoa iragarria zuten: "bertsio gaua, karaokea... animatu Usurbilgo Gaztetxe berrira hurbiltzera, ateak zablik dituzue eta!".

Topatu.info web orri bidez, ITAYAkoek modu honetan azaldu dute okupazioa: "Eztabaida luze eta hausnarketa sakonen ondoren, behar hau asetu ahal izateko eraikin hau okupatzea erabaki dugu. Jada urte bete baino gehiago da Alkartasuna Nekazarien Kooperatiba egoitzaz aldatu zela eta eraikin hau hutsa geratu zela. Bien bitartean, Ugartondo industrialdea erosi zuten konstruktorak ere ez dute eraikitzen hasteko interes irmorik aurkeztu. Horrelako egitasmoak aurrera eramatea etxe eta eraikin hutsei aurre egiteko bide bat dela uste dugu, etxe huts bat gutxiago egoteaz gain gaur egungo etxebizitza ereduaren aurka egiteko forma eraginkor bat iruditzen zaigu. Honez gain, eraikin hau inongo instituzioen mende ez egoteak, inork baldintzatu gabeko eta erabateko autokudeaketa izango duen gunea izango dela zihurtatzen du. Gaztetxe honek modu asanblearioan funtzionatuko du, batzar hauek guztiz irekiak izango dira eta hurrengo egunetan emango dugu bilera hauen berri. Interesa duen orok, heldu ala gazte, gustora hartuko dugu bere ahotsa eta gure laguntza emango diogu. Gogoratu gaztetxea lortu bitartean askotan errepikatu dugun bezala, ez dela eraikina helburua, gizarte hau eraldatzen lagunduko digun tresna garrantzitsu bat baizik".

Hurrengo pausoak zehazteko asanbladak burutzekoak dira ITAYA Gazte Asanbladakoak. Herritarrei ekimenotan parte hartzera deitzen diete.

Bileraren zain
Okupazioagatik salaketa jaso dute. Twitter bidez berri eman dutenez gaur goizean, "Usurbilgo gaztetxeagatik borrokaldiak badu hasiera... Salaketaren ostean, negoziazio bideari ekin behar diogu gaurkoan". Arratsaldean batzarra burutu dute gaztetxeko kideek. Bertan iragarri dutenez, Udalarekin eta lehengo Alkartasunaren egoitzako jabeekin biltzekoak dira, adostasun batera heltzeko. Gaztetxeko kideen  nahia, eremu berean egitekoak diren lanak hasi arte egotea da. Ekimen desberdinak bideratu asmo dituzte, hurrengo egunetan zehazten joango direnak.

"Inkomunikazio, pasibotasun eta lokalismoari aurre egiteko"
Topatu.info web orriak, ITAYA Gazte Asanbladak gaztetxeari buruz herritar eta herri eragileekin azken hileotan burutu duten hausnarketari loturiko ondorioak kaleratu ditu. "Gehiengo handi bat gure planteamenduarekin eta herriak gaztetxe baten beharra duelarekin ados daude", baloratu dute ITAYA-tik. Horrez gain, topatu.info web orriak jaso dituen beste bost ondorio nagusi ere atera dituzte gazte asanbladakoek:

  • Usurbilgo gazteriak bizi duen inkomunikazio, pasibotasun eta lokalismoari aurre egiteko tresna gisa har dezakegun gune aske eta ireki baten falta sumatzen da herrian. Gaztetxe batek, pertsona hauen partaidetza, inplikazioa eta iniziatiba bultzatuko luke.
  • Herriko eragile independienteen arteko elkarlana eta komunikazioa saretuko dituen baliabide alternatibo bat bezala ikusten da gaztetxea. Heldu zein gazteak batu, eragileen ekimenak aberasgarriagoak bihurtu eta parte hartzea bultzatuko duen gune bat bezala hain zuzen ere.
  • Gaztetxeak Usurbilgo beharretara egokitua egon behar du, ez du beste herrietako ereduen “kopia” izan behar.
  • Autokudeaketak esparruaren giltza izan behar du, biziraupenerako buruari eragitea funtsezkoa delako: sormena lantzen eta hazten da, kontsumismoari muzin egiten zaio, erabakiak gaztetxeko kideek bakarrik hartzen dituzte, inongo inposaketa eta baldintzarik gabe…
  • Gaztetxea terminoak jendartean, soilik, gazteentzako eremu delakoaren ohiartzuna du. Ondorioz, honekin hautsi behar da, gaztetxea denontzat irekia baita eta bertan parte hartzera herriko jende orori zuzendua baitago.