Azken prestaketa lanetan murgildua dabil auzoko Jai Batzordea, lau egun besterik ez baitira geratzen Atxegalde jai giroan murgiltzeko. Asteburu honetan, abuztuaren 31tik irailaren 2ra ospatuko dira bertako festak, eta modu honetan, udako errondarekin jarraituz, Zubietako Santio eta Urdaiagako San Estebanen lekukoa hartuko du Atxegaldek.
Kantu afaria, aurten mozorroekin
Ostiralean abiatuko dira auzoko festak, 20:00etan jaurtiko den txupinazoarekin. Aldez aurretik ordea hitzordurik izango da: batukadak giroturiko triki poteoa ospatuko da. Jaietako lehen suziria jaurtita, txozna ireki eta gauean lehen kontzertuen txanda.
Larunbatean zehar, haurrei zuzenduriko ekitaldiak nagusituko dira. Tartean ordea, mus txapelketa ospatuko da, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Karta jokoan parte hartzeko asmoa duten zaletuek, ordu erdi lehenago agertu beharko dute txozna ingurura, izen emateko. Bigarren ohar bat, larunbat gauean, ohi bezala ospatuko den kantu-afarira joan nahi dutenentzat. Aurtengoan, mozorro kantu afaria izango dela iragarri dute Jai Batzordetik. Euskal abesti ezagunek girotuko duten otordurako txartelak aldez aurretik erosi behar dira. Salgai daude Alkorta harategian, baita Irrati eta Artzabal tabernetan ere.
Jaietako azken egunean, igandez, toka, aizkolari edota patata tortilla lehiaketak ospatuko dira. Haurrei zuzenduriko ipuin kontaketak eta azken trakak borobilduko dituzte aurtengo Atxegaldeko festak.
Hona hemen prestatua duten egitaraua:
Abuztuak 31, ostirala
17:31 Herri poteoa Dinbi-Danba batukadarekin.
20:02 Txupinazoa.
Jarraian, txoznaren irekiera eta luntx mundiala.
Ondoren, buruhandiak.
23:03 Kontzertuak: Urrezko Muxkerrak, Luz De Putas eta Gabezin.
Irailak 1, larunbata
11:06 Umeentzako jokoak eta opari banaketa.
Ondoren, buruhandiak.
14:09 Herri bazkaria (norberak etxetik ekarria).
16:01 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea).
18:32 Txokolatada.
Ondoren, buruhandiak.
21:04 Mozorro-kantu afaria Josunerekin. Txartelak salgai: Alkorta saltokian, Irrati eta Artzabal tabernetan.
Gauean kontzertua: Ingo al deu.
Jarraian, Dj Gude.
Irailak 2, igandea
12:05 Aizkolariak.
Ondoren, salda eta pintxo banaketa.
16:37 Toka txapelketa.
18:02 Tortilla lehiaketa.
Ondoren, haurrentzako ipuin kontaketa.
22:38 Azken traka.
Antolatzailea: Atxegaldeko Jai Batzordea.