“Garbiguneak erabiltzeko San Markoko Mankomunitatearen eta kide diren udalen arteko hitzarmen esparrua” izeneko hitzarmena onartu zuen udalbatzak, joan den uztailaren 27an burutu zen osoko ohiko bilkuran. Testua gehiengo osoz onartu zen gobernu taldeko kideen aldeko botoekin. Hamaikabat eta EAJ-PNV udal taldeek abstentziora jo zuten. Onarpenaren baitan, udalaren izenean Mertxe Aizpurua alkatea ahalmentzen da, Atalluko instalakuntza berriak erabiltzea helburu duen hitzarmena sinatzeko.
Gogoan izan, joan den uztailaren 16an inauguratu zuten, ordura arte Kalezarko Pikaola eremuan, eta ordutik Atallun kokatua dagoen gune berria. Astelehenetik larunbatera zabalik dago.
Aldaketa, hondakinei loturiko ordenantzan
Osoko bilkura berean bestalde, hondakinak bildu eta tratatzeko udal ordenantzan aldaketa bat txertatzea hasieraz onartu zuten, gobernu taldeko kideen babesarekin. EAJ-PNV eta Hamaikabateko ordezkariak abstenitu ziren. Erabaki honen bidez, “egoitzazko eraikinetan hondakinen bilketa bideratzeko ezarri beharreko edukiontzien biltegia edo hondakinen gela arautzea” da helburua.
Hasieraz onarturiko aldaketak araudian artikulu berri bat txertatzea suposatzen du; hamaseigarrena, “Kontenedore biltegia edo hondakin gela bizitegi eraikinetan” izenburua eramango duena. Ondorioz, “indarrean dagoen udal ordenantzan 16tik 38ra doazen artikuluak, 17tik 39ra zenbatuko dira hurrenez hurren”.
16. artikulu berriak, ontzien biltegiek bete beharreko baldintzak jasotzen ditu. Eraikin bakoitzak gutxienez gela bat izan beharko duela hondakinen biltegirako, gelak irisgarria izan beharko duela, eskailerarik gabea, solairu bakarrekoa. Ordenantzaren arabera, ez dira onartuko udal bilketa zerbitzuentzat hondakin gelara heltzeko eraikin pribatuaren barnetikako ibilbidea suposatzen duten kokapenak. Guneok eraikigarritasun konputua suposatuko dute. Gela hauen neurri eta ezaugarriek araudietan finkaturikoa bete beharko dute. Azkenik, “sustatzailaren ardura izango da hondakin geletan etxebizitza bakoitzeko zintzilikagailu indibiduala jartzea. Eraikinaren jabegoak edota bizilagunen komunitateak hala eskatuz gero, udalak gaika bilketa kontenedore arruntetan egitea baimendu ahal izango du”.
Alegazioak aurkezteko, hasieraz onarturiko aldaketa 30 lan egunez jendaurrean jartzekoak ziren. Tarte horretan erreklamaziorik ez balego, udal ordenantzaren aldaketa behin betiko onartutzat joko da.